telebista
#EKIN_etenZiberbullinga
"La Noche de…" saioak 'Marty ha muerto' txekiar webserie arrakastatsua eskainiko du gaur gauean
EITB Media
EITB taldeko hedabideek abian jarri duten #EKIN_etenZiberbullinga kanpainaren baitan eskainiko du "La Noche de…"k ikus-entzunezkoa. Internet bidezko gazteen jazarpenari buruzko informazioa eta eduki bereziak eskaintzea du helburu kanpainak.
-
'Marty ha muerto' websailaren irudi bat
Gaur gauean, "La Noche de…" saioak Marty ha muerto txekiar webserie arrakastatsua eskainiko du ETB2n eta eitb.eus-en, 22:30etik aurrera. Emmy sari bat irabazi duen serie honen ildo nagusia ziberbullynga da. Félix Linaresek gaia jorratu eta ikus-entzunezkoaren filmazioaren eta aktore zerrendaren datu guztiak azalduko ditu. EITB taldeko hedabideek abian jarri duten #EKIN_etenZiberbullinga kanpainaren baitan eskainiko du "La Noche de…"k Marty ha muerto websaila. Internet bidezko gazteen jazarpenari buruzko informazioa eta eduki bereziak eskaintzea du helburu kanpainak.
Ustekabean hil den 15 urteko Marty gaztearen istorioa da. Zendu aurretik grabatutako bideo beldurgarri sorta bat besterik ez du utzi atzean. Minak atsekabetuta, Martyren aita semearen online bizitzaren zati ikaragarriak berreraikitzen saiatuko da, bere amaiera tragikoaren nondik norakoak argitzeko. Semearen Facebook kontuan sartzea lortu ondoren, "Good-looking girls" profilarekin mezuak eta bideoak trukatzen denbora luzea zeramala jakingo du.
Kritikak asko goraipatu du Pavel Soukupek zuzendutako webseriea eta 2021ean atal laburren serie onenaren Emmy International saria jaso zuen. Benetako ziberbulling kasuetan inspiratuta dago, nerabeekin aritzen diren psikologoen, zibersegurtasuneko adituen eta arazoari aurre egiten aritzen diren beste profesional batzuen esperientzietan oinarrituta.
#EKIN_etenZibernullinga kanpaina
EITBko hedabideek ziberbullingaren inguruan eskaini dituzten eduki guztiak #EKIN_etenZiberbullinga kanpainaren webgune berezian daude ikus eta entzungai. Gainera, "Go!azen" eta "Irabazi Arte!" telesailetako aktore protagonistek hogei bideo didaktiko eskaini dituzte, gaiaren inguruko aholku eta informazioarekin. Ziberbullingaren arriskua zenbaterainokoa den eta arazoa lehenbailehen identifikatu eta aurre egiteko beharra azpimarratzen dute Aitziber Errazkin, Ander Lacalle, Ainhoa Larrañaga, Ainhoa Azpitarte eta Itziar Urretabizkaiak, besteak beste.
Publiko gazteari zuzendutako bideoak dira, baina senide eta irakasleengana heltzeko helburua dute baita ere, familietan eta ikasgeletan arazoa lantzen laguntzeko.
Teknologia berrien eta sare sozialen erabilerak dakartzaten arriskuen artean, bereziki garrantzitsua da ziberbullinga, gazteen artean batez ere. Izan ere, adituek ohartarazi dute gazteen % 70ak ziberjazarpen motaren bat jasan izan duela.
Datu horien aurrean, EITBk bere gain hartu du ziberbullingarekin lotutako arazoak aztertu eta horiei buruzko informazioa zabaltzeko ardura, euskal gazteen artean praktika horien arriskuei eta irismenari buruzko sentsibilizazio kanpaina bultzatuz. Horretarako, #EKIN kanpaina jarriko du martxan, euskal gizartea kezkatzen eta eragiten duten arazoetan arreta jarriz, eta haien aurrean ekiteko beharra azpimarratuz, gizartea eraldatu eta hobetzeko.