Itxi

telebista

20. atalaren aurrerapena

Odol urdina isuriko da, gaur gauean, "El Conquis" saioaren dueluan

EITB Media

Yocahu taldeak Unai bidali zuen duelura, eta kapitainek Enetz aukeratu zuten. Ikusteko dago Corocoteek zein taldekide bidaltzen duten. Ez ezazu galdu saioa, gaur, 22:30ak aldera, ETB2n, eitb.eus-en eta saioaren eta EITB Nahieranen aplikazioetan.

  • Corocoteak bozkatzen

    Corocoteak bozkatzen. EITB Mediaren bideo batetik ateratako irudia

Haitisesetako egoera guztiz aldatu da. Bi taldeko faseak bira gehiago izan ditu "Game of Thrones" telesailaren atal baten gidoiak baino. Festarako eta dantzarako lokaletik bota dute Corocote taldea, eta hondoratuta dago. Esan genezake, gainera, hitzez hitz dagoela hondoratuta, kanpamentu oso txiroko lokatzetan harrapatuta baitaude urdinak. Alde on bakarra du egoerak: Punkyk dagoeneko ez du erabaki behar hurrengo kontzertuko errepertorioa zein izango den, ez baitaude tronpeta doinuak entzuteko. Taldeak inoiz izan duen krisialdirik txarrena da hau! Gertatutakoa ohikoa da saioan: irabazitakoan guztiak daude ongi, umoretsu, King Africaren kantak abesten eta etengabe elkar besarkatzen; galdutakoan, ordea, guztia desagertzen da. Nakor izan ezean; izan ere, Zarauztarra egunean 24 orduz, astean 7 egunez ari da taldekideak besarkatzen.

Kapitainek berriz bidali dute duelura taldeko beteranoetako bat, Enetz. Horrekin berretsi dute Corocoteen hasierako lehiakideetatik bat ere ez dagoela kapitainek arriskuan jartzetik aske. Beno, Unai bai, Yocahu taldekoek bidaltzen baitute donostiarra duelura; gure Julito Iglesias junior gorrien jomuga da.

Yocahuak lokatzetatik atera dira, ordea. Eta berriz ere, literalki atera dira basatzatik, kanpamentu aberatseko hondartzan baitaude. Saioa hasi zenetik izan duen boladarik onena izaten ari da Aitzol. Aizkolaria pozago dago pinuz betetako hogeitahamar hektareako lurretan aizkora batekin egongo balitz baino. Tamalez, kanpamentura iritsitakoan Yocahuek ezin izan zuten egin gustukoen dutena: jatea. Beren bigarren zaletasun gogokoenarekin konformatu behar izan dira: kexatzea, sari faltaz kexu izatea, alegia. Dena dela, talde gorria inoiz baino batuago dago, eta Line eta Terete taldekide bi gehiago dira. Probak irabazten jarraitzen duten bitartean, gutxienez…

Astelehenean jakingo dugu nor den duelura joango den hirugarren Corocotea. Taldekideen esku egongo da erabakia, eta estrategiak ezinbestekoak izan daitezke. Eta taldean dagoen giroa ikusita, edozer gerta liteke. Nor izango da abenturako hurrengo kanporatua?

"El Conquistador del Caribe" astelehenetan izaten da ikusgai, 22:30ean, ETB2n, eitb.eus-en eta "El Conquis"en aplikazioan. Gainera, atal guztiak ikus daitezke EITB Nahieranen, saioaren eta EITB Nahieran appetan eta EITB Mediaren gainerako plataforma digitaletan.