telebista
22. atalaren aurrerapena
Horiz jantzi eta bateratze faseko lehiakide bilakatuko da estrategia, gaur gauean, "Conquis"en
EITB Media
Immunitate jokoan, lehiakideak, oinak eta eskuak erabilita, tirolina batetik zintzilik mantendu beharko dira ahalik eta luzaroen. Ez ezazu galdu saioa, gaur gauean, 22:30 aldera, ETB2n, eitb.eus-en eta saioaren eta EITB Nahieranen aplikazioetan.
-
Zintzilik mantentzeko immunitate jokoa. EITB Mediaren bideo batetik ateratako irudia
Txalupan dueluko laguntzaileak baino ez dira iritsi Alcatraz irlara, eta gainerako lehiakideei jakinarazi diete duelura joan diren hiru lagunak kanporatu dituztela. Dagoeneko, badakite kanporatzea ere beraiekin batera Alcatrazeko arratoien artean kanpatuta dagoela. Inor ez dago salbu "El Conquistador del Caribe" saioaren etapa honetan. Ezta Iker bezalako lehiakideak ere, askoren ustez irabazteko dohainak bazituen ere. Lehian jarraitzen duten hamaika kideak estrategiak prestatzen hasi dira.
Sarak Iker bidali zuen duelura, eta jokaldia borobila izan zen; orain Corocote taldeko kide ohi gehiago baitaude Yocahu ohiak baino. Baina "El Conquis" iragarrezina da, eta hobe kukurrukurik egiten ez badute saria eskuan izan arte. Bateratze fasea zinematografiko samar etorri da: Ainik agente bikoitzaren papera hartu du espioien film batean egongo balitz bezala. Atabey eta Corocote taldeetakoa da, eta bere ohea irlaren goiko aldean dago, urdinekin batera. Baina Yocahuekin lo egiten eta haiei bisitak egiten ari da etengabe. Pirrisek proposatu dio beraiekin bat egiteko, baina, gorrien kalterako, Ainik esan du bere hitza bete eta Corocoteekin elkartuta jarraituko duela. Espioien filmetatik westernetara egingo dugu jauzi Linerekin; izan ere, cowboyaren botak eta ezproiak baino ez ditu falta, aitortu baitu westernetan azaltzen diren lautadako biztanle bakarti horietako bat dela. Yocahuekin dago, baina berarentzat onena dena egingo du. Biek ala biek erakutsi dute "El Conquis"en indarra eta trebetasuna bezain ezinbestekoa dela estrategia, benetako konkistatzaile batek izan beharreko dohaina baita.
Hobe dute estrategiak azkar prestatu, postariak ongi idatzi baitu helbide berria eta dagoeneko utzi baitu posta Alcatrazeko gutunontzian. Bertan, beste immunitate joko bat datorrela azalduko zaie: oinak eta eskuak erabilita, tirolina batetik zintzilik mantendu beharko dira ahalik eta luzaroen. Sarak begi onez ikusiko du jokoa, egiten duen kirola eginda abantaila izan baitezake. Bateratzeko erregina izango al da berriz ere? Nor izango da uretara lehena erori eta flotagailu bezala duelistaren lepokoa jasotzen duena?
Astelehenean, bateratze faseko bigarren bilera etorriko da, baita beste duelu ikusgarri bat ere; bertan, lehiakide bakarra salbatu daiteke. Beno, edo bat ere ez, bestela galde diezaiotela Ikerri, Enetzi eta Tereteri.
"El Conquistador del Caribe" astelehenetan izaten da ikusgai, 22:30ean, ETB2n, eitb.eus-en eta "El Conquis"en aplikazioan. Gainera, atal guztiak ikus daitezke EITB Nahieranen, saioaren eta EITB Nahieran appetan eta EITB Mediaren gainerako plataforma digitaletan.