Itxi

telebista

22:30ean

Peña eta Pirris, "El Conquis" saioaren gaurko gonbidatuak

EITB Media

Abenturako azken bi kanporatuek realityan bizitako momenturik onenak gogoratuko dituzte, eta fase bateratuan talde gorriak bizi duen egoeraz arituko dira.

  • Pirris eta Peña abenturako azken kanporatuak

    Pirris eta Peña abenturako azken kanporatuak. EITB Mediaren bideo batetik ateratako irudia

Bateratze fasea ez da batere ona izan Yocahu taldearentzat. Aurreko astean, Iker eta Terete kanporatu zituzten eta orain, Peña eta Pirris aurtengo edizioko pertsonaia xelebreen txanda izan da. Biek duelua galdu zuten Iriren kontra eta Patxi Alonsok aurkeztutako "El Conquis" debatean izango dira gonbidatu gertatutakoa azaltzeko. Bien abenturako momenturik onenak gogoratuko dituzte eta Alcatrazeko kanpamenduan Yocahu taldeko kideek bizi duten egoera aztertuko dute.

Kanpamentu bateratuan, hiru Yocahu besterik ez dira geratzen: Jokin, Iñigo eta Line. Baina brasildarrak erakutsi du ez duela koloreen arabera jokatzen. Gainera, immunitate jokoan Lineren eta Arrutiren arteko akordioa gogoratuko dute saioan. "El Conquis"en arauen kontra doa jokoetan mota honetako itunak egitea, eta, horregatik, Linek bakarrik gozatu zuen kanpamendu aberatseko sariaz. Arruti, bere aldetik, asko haserretu zen programaren antolatzaileekin. Platoan, David, Eider, Eneko, Raúl eta Durana konkistologoek eta Andrea, Aitzol, Arantxa, Bego, Lobo eta Nahia kapitainek gertatutako guztia aztertuko dute.

Gainera, abenturan geratzen diren bederatzi partaideek taldeak egin beharko dituzte datorren asteko immunitate jokoan parte hartzeko, eta horrek traizioak eragingo ditu talde barruan.

Conquis komunitateak ere bere tokia izango du Isma eta Oizederren Gaztea txokoan. Horrez gain, Publikoaren Lehiakide Gogokoena aukeratzeko lehia aurrera doa, eta, gaurko saioan, beste lau lehiakidek faborito bihurtzeko aukera galduko dute.

Astelehen gaueko liderra

"El Conquistador del Caribe" saioak audientzia datu bikainak lortu zituen berriz ere. Abentura realitya audientzia-buru izan zen asteleheneko ordutegi nagusian % 24,2ko kuotarekin, eta 316.000 ikus-entzulek egin zuten bat emanaldiarekin uneren batean. Halaber, ETB2 asteleheneko kanalik ikusiena izan zen Euskadin, % 12,8ko audientzia-zatiarekin.

Bestalde, 14.200 pertsonak jarraitu zuten emanaldia streamingaren bidez eitb.eus-en eta appen bidez. Sare sozialetako erabiltzaileek ere jarraipen zabala egin diote saioari, eta #conquis22ETB traola joera izan da Twitterren 3.800 txiorekin.