Itxi

telebista

24. atalaren aurrerapena

Tranpolinetik finalera zuzenean jauzi egiteko aukera, gaur gauean "Conquis"en

EITB Media

Edizioko jokorik garrantzitsuenean, lehiakideek 20 metroko altueran dagoen tranpolin batetik jauzi egin beharko dute, itsas hondoan banderatxo bat aurkitu eta, soka batean gora eginda, jauzi-oholera itzuli berriro. Irabazlea finalera joango da zuzenean, eta galtzailea, aldiz, etxera.

  • Lehiakideak tranpolinean

    Lehiakideak tranpolinean. EITB Mediaren bideo batetik ateratako irudia

Duela hiru aste, hamalau lehiakide bateratze fasera iritsi ziren, eta orain erdiak baino ez du abenturan jarraitzen. Zazpi gerlari baino ez dira gelditzen! Orain, finalaren atarian daude, baina igaro nahi badute, giltza lortu beharko dute. Horietako bat edizioko immunitate jokorik garrantzitsuenean dago. Izan ere, probaren irabazlea zuzenean joango da "El Conquistador del Caribe 18" saioaren finalera!

Nahia Atabey taldeko kapitainaren eta iazko irabazlearen amesgaiztoa itzuli da "Conquis"era: tranpolinak izango dira orain arteko jokorik garrantzitsuenaren protagonistak. Konkistatzaileek 20 metroko altueran dagoen tranpolin batetik jauzi egin beharko dute uretara, itsas hondoan banderatxo bat aurkitu eta, soka batean gora eginda, jauzi-oholera itzuli berriro. Hogei metroko altueratik salto egiteak lehiakide bati baino gehiagori goragalea emango dio. Nor izango da probaren irabazlea eta, beraz, edizioko lehen finalista?

Berrikuntza bezala, proba garrantzitsuaren galtzaileak ere saria izango du. Irabazleak bezala, azkenen gelditzen den lagunak ere txartel bat lortuko du, baina ez finalera joateko, etxera itzultzeko baizik: zuzenean abenturatik kanporatuko dute. Espero dezagun inori ez gertatzea Tereteri zuzien jokoan gertatutako gauza bera…

Azken berrikuntza honek hankaz gora jarriko du aurretik ere nahasita dagoen egoera. Dagoeneko neska gehiago daude lehian mutilak baino, eta ,"Vis a Vis" telesailean bezala, emakumezkoen pabilioi bilakatu dezakete Alcatraz elkarlanean aritzen badira. Horiz jantzita ere badoaz, telesaileko presoak bezala! Ikusteko dago Corocoteen arteko ituna hautsi ostean Celda 211 filmeko Malamadre bezala kartzelan matxinatu eta kanpamentuko jaun eta jabe bilakatzen diren. Eta baita finalerako ere! Historian lehen aldiz emakumeen finala izango al dugu?

Yocahu taldeari bi bala baino ez zaizkio gelditzen finalera bidean: bata metro eta laurogeita hamarrekoa eta ehun kilokoa, Jokin; eta bestea, made in Brasil, Line. Dena den, brasildarra bere aldetik joan liteke, eta Jokinek ere ez du berarengan konfiantza osoa. Sararekin, Ainirekin eta Annierekin elkartuko al da Line?

Erantzuna asteleheneko atalean izango dugu, finalaren aurretik azkena! Jokorik garrantzitsuena, bilera eta konkistatzaile bat baino gehiago sufritzen jarriko duen duelua ikusiko ditugu bertan.

"El Conquistador del Caribe" astelehenetan izaten da ikusgai 22:30ean ETB2n, eitb.eus-en eta "El Conquis"en aplikazioan. Gainera, atal guztiak ikus daitezke EITB Nahieranen, saioaren eta EITB Nahieran appetan eta EITB Mediaren gainerako plataforma digitaletan.