Itxi

telebista

20:00etan

Joseba Arguiñanok Itsasora egingo du bisita, gaur, "Historias A Bocados" saioan

EITB Media

Gipuzkoako Goierriko eskualdean Pilare, Aizpea, Garikoitz eta Eneko ezagutuko ditu. Istorio pertsonalak partekatuko dituzte mahai baten bueltan.

  • Joseba Arguiñano sukaldaria

    Joseba Arguiñano sukaldaria. EITB Media

Igande honetan, ekainak 26, Itsasora egingo du bisita Joseba Arguiñanoren "Historias A Bocados" saioak, Gipuzkoako Goierriko eskualdean. Bertan, Pilare, Aizpea, Garikoitz eta Enekorekin egongo da Joseba, tokia ezagutu, eta, sukaldaritza oinarri hartuta, istorio pertsonalak partekatzeko.

Pilareren eskutik, Itsasoko ondarearen berri izango du Josebak. Izan ere, aspalditik ikertu du tokiko ondarea Pilarek, Anttoni lagunarekin batera, eta garai batean zazpi errota, 20 bolatoki eta 24 karobi zeudela dokumentatzea lortu dute. Horrez gain, Gipuzkoako Foru Aldundiko Ondare Historiko Artistikoan katalogatutako 10 baserri ditu Itsasok, horietako bat Pilareren Urteaga baserria. Eraikina ezagutzeko aukera ere izango du Josebak, Pilarerekin eta Aizpea haren alabarekin batera, eta baita jaki gozoa dastatu ere: ruibarbo-tarta marrubi-saltsarekin.

Garikoitz, berriz, nekazaritza ingeniaria eta abeltzaina da. Mandubia auzoan du baserria, eta behiak eta txahalak haragitarako ustiatzen ditu sistema agroekologikoa oinarri hartuta. Baserrian bertan, parrillan, haragi hori dastatzeko aukera izango dute: etxeko azpizuna eta piper beteak txanpiñoiekin, gaztarekin eta arrautza-gorringoarekin.

Eneko ere landa eremuan bizi da orain, lehengo lantokia eta Legazpin zuen bizitza atzean utzi ostean. Baserrian bizi da orain eta 30 sagar barietate eta hiru ahabi mota ekoizten ditu. Ahabi horietako batzuk erabiliko dituzte aste honetako azken errezeta prestatzeko: baba txikiak patatekin, urdaiazpikoarekin eta ahabi-irabiakiarekin.

"Historias a Bocados" gaur eskainiko dute, 20:00etan, ETB2k eta eitb.eus-ek.