Itxi

telebista

Bigarren denboraldia

"EH!rasmus" abian da protagonista berriekin

EITB Media

Gazteek gazteentzat egindako programa honetan, Euskal Herritik kanpo ikasten ari diren bost ikasle EITBko kazetari bilakatuko dira, eta euren bizipenak partekatuko dituzte "EH!rasmus" saioaren bigarren denboraldian.

  • "EH!rasmus" saioaren irudia.

    "EH!rasmus" saioaren irudia.

Abian da "EH!rasmus" saioaren bigarren denboraldia. Erasmus edo Sicue Seneca bekekin Euskal Herritik kanpo dauden bost ikasle EITBko kazetari bilakatuko dira, eta EITBren Youtube kanalean, igandero, ikastera joan diren herriko bizipenak zabalduko dituzte. Gazteek gazteentzat egindako programa izango da "EH!rasmus", eta atal bakoitzak 15 minutuko iraupena izango du.

Istanbulen dagoen Ane Aranguren Ubierna ikus-entzunezko komunikazioko ikaslea; Floridan dagoen Maider Aranguren Garay ikus-entzunezko eta kazetaritzako ikaslea; Cáceresen dagoen Allende Ariztimuño Barquero Lehen Hezkuntzako graduko ikaslea; Islandiako Akureyri hirian dagoen Iker Blanco Devesa Haur Hezkuntzako graduko ikaslea, eta Mexikoko Merida hirian dagoen Oier Azkue Agirre Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzako graduko ikaslea izango dira denboraldi berri honetako protagonistak.

Sociality formatuko saio berritzaile honek bizipen erreal bat sare sozialen bitartez kontatzea du helburu. EITBk Youtube, Instagram eta Tik Tok sareen bidez atzerrian diren bost gazteren jarraipena egingo du, eta protagonistek euren abentura eta bizipenak partekatuko dituzte. Hartara, jarraitzaileek ikusten dutena komentatu, galderak egin eta parte hartu ahal izango dute. Lehen denboraldian bezala, euskal gazteen lorpenez harro mintzoko da saioa, eta erronkak botako dizkie protagonistei.

Aurpegi, esatari, aurkezle eta batez ere talentu berria fitxatzeko tranpolina izateko helburua badu "EH!ramus"ek. Haiek gidoia egiteaz, elkarrizketatuen produkzioaz, edizioaz... guztiaz arduratuko baitira. Ikasleek bidalitako materialarekin osatuko da 15 minutuko asteko tartea.

Sare sozialetan ez ezik, ETB1eko "Biba Zuek!" saioan ere tartea izango du "EH!rasmus" proiektuak. EITBLab EITBko formatu eta ideia laborategiak sustatutako proiektua da.