Itxi

telebista

22:30ean

Elbira Zipitria euskal pedagogiaren aitzindariari eskainitako dokumentala, gaur gauean, ETB1en eta eitb.eus-en

EITB Media

Elbiraren lana eta ekarpena aitortzea du helburu lan honek. Baleuko ekoiztetxeak Gipuzkoako Aldundiaren babesarekin eta EITBren, Eusko Jaurlaritzaren, Bizkaiko Aldundiaren, Emakunderen eta Bermeo eta Donostiako udalen laguntzarekin sortua da.

0:37
'Elbira' dokumentalaren irudi bat

Gaur gauean emango da telebistan estreinakoz Elbira Zipitria euskal pedagogiaren aitzindariari eskainitako Elbira dokumentala. Bere bizitzaren pasarte fikzionatuen laguntzaz, haren jatorria, konpromiso politikoa, erbestea, itzulera eta jarduna kontatuko ditu filmak. 2022. urtean 40 urte izan ziren Elbira Zipitria hil zela. Hori dela eta, Gipuzkoako Foru Aldundiaren bultzada eta babesarekin, EITBren, Eusko Jaurlaritzaren, Bizkaiko Foru Aldundiaren, Emakunderen eta Bermeo eta Donostiako udalen laguntzarekin, Baleuko ekoiztetxeak euskal izaeraren aldeko borrokalari sutsuaren bizitzari buruzko dokumentala sortu du. Emakume honek etxez etxe antolatutako ikastoletan irakatsi zuen euskaraz, klandestinitatean erabat, eta garairik latzenetan ere etengabe jardun zuen.

Euskal gizartearen memoria historikoa lantzea eta Elbiraren sakrifizioa aitortzea du helburu Iban Gonzalezek zuzendutako dokumentalak. Horretarako, gertutik ezagutu zuten pertsonak izango dira protagonista eta bere istorioaren narratzaile. Horiek izango dira: Mari Karmen Mitxelena, andereñoa, Orixe Ikastolako sortzailea eta Elbira Zipitriaren laguna; Kontxita Beitia, andereñoa, Zurriola Ikastolako sortzailea eta laguna; Mari Karmen Garmendia, andereñoa eta Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburu ohia; Ana Urkiza, Eusko Ikaskuntzako lehendakaria; eta Iñigo Garaialde eta Koro Zumalabe, ikasle ohiak.

Horrez gain, Elbira Zipitriaren bizitzako hainbat pasarte fikzionatu ditu filmak: erbestea, Urgull mendira egiten zituen irteerak edota On Jose Miguel Barandiaranekin izan zuen harreman estua, besteak beste. Teresa López de Munainek emango dio bizitza andereñoari, eta Oihana Maritorena, Egoitz Lasa edota Teresa Calo ere agertzen dira, besteak beste.

Elbira dokumentalaren estreinaldia, gaur, 22:30ean, ETB1en eta eitb.eus-en.