Itxi

telebista

Eduki nabarmenak

"Arte[faktua]", "Teknopolis", "Hitzetik Hortzera", kirol emanaldiak eta "Oholtzan", gaur ETB1en

EITB MEDIA

Gaur gauean, 22:00etatik aurrera, 'Ura Bere Bidean' eta aurtengo Gaztea Sarien emanaldiak ikusi ahal izango dira, "Oholtzan" saioaren barruan.

2:19
Jon Abril Olaetxea

"Arte[faktua]" – 13:00etan ETB1en eta eitb.eus-en

Jon Abril Olatxea elkarrizketatuko du gaur Ilaski Serranok, Isildutako eskuak (Elkar) liburuaz solastatzeko. Tene Mujika Saria irabazi zuen 2022. urtean hamalau protagonista dituen emakume langileen bilduma horrek.

 

"Teknopolis" – 13:30ean ETB1en eta eitb.eus-en

Aste honetako saioan glaziarren azken egunak izango dituzte aztergai. Aralarrera joango dira, duela 40.000 urte izan zen glaziar baten arrastoak bilatzera. Glaziar hura desagertu zen, eta Pirinioetakoak ere bide berari jarraituko diote, itxura guztien arabera. Ibai Rico eta Eñaut Izagirre UPV/EHUko geografo eta glaziologoekin Aralarren hasi eta Patagoniaraino joango gara glaziarren egoeraren berri jakiteko.

Kirol emanaldiak ETB1en eta eitb.eus-en

15:00etan Hernaniko Galarreta pilotalekuan jokatutako bi erremonte partida hauek izango dira ikusgai: Segurola-Apezetxea / Goikoetxea V-Martirena eta Urriza-Barrenetxea IV / Ansa II-Ezkurra II-Larrañaga II.

Jarraian, 17:15ean hasita, Iruñeko Labrit pilotalekuko jaialdia eskainiko du zuzenean "ETB Kantxa" saioak: Artola-Iztueta / Alberdi-Albisu eta Binakako Txapelketako finalerditako ligaxkakako Laso-Imaz / Elordi-Zabaleta.

 

"Hitzetik Hortzera" – 21:00etan ETB1en eta eitb.eus-en

Amatasunari eta amatasunei buruz ariko dira aste honetako "Hitzetik Hortzera" saioan Estitxu Fernandez eta Erika Lagomak lesakarrekin; bien artean argitaratutako M Ama* Eme* Ume* liburuaren haurdunaldi, erditzeaz eta erditze ondorengoez arituko dira. Horrez gain, Usurbilgo eta Dimako bertso saioetako bertsoaldiak eskainiko dituzte.

"Oholtzan" – 22:00etan ETB1en eta eitb.eus-en

Ura bere bidean ikuskizunaz gozatu ahal izango dugu larunbat honetako "Oholtzan" saioan. Bertan, artista ezagunek Fernando Velazquezek konposatutako orkestra bertsioak interpretatuko dituzte, 70eko hamarkadatik gaur egunera arte, Bilboko Orkestra Sinfonikoak eta Bilboko Koral Elkarteak lagunduta. Gonbidatuen arten Zea Mays, En Tol Sarmiento, EH Sukarra, Shinova, Su Ta Gar, Izaro, Mäbu, Amak, Maren, Mikel Urdangarin, Urtz, Gatibu edo Anje Duhalde bezalako artistak ikusiko ditugu, beraientzat bereziak diren abestiei omenaldia egin eta hauek berrinterpretatzen.

Ondoren, 2023ko Gaztea Sarien gala izango da ikusgai, Ainhoa Vitoriak eta Julen Telleriak gidatuta. Joan den martxoaren 2an banatu ziren aurtengo sariak Bilboko Euskalduna Jauregiko Urban Hallean.