telebista
ETB2n eta eitb.eus-en
'Eres tú: De Mocedades a El Consorcio' dokumentalaren estreinaldia, Urte Berri egunean
EITB MEDIA
Lorea Perez de Albenizek zuzendutako lanak azken 50 urteotako euskal musika talderik ikonikoenaren historia kontatzen du. Bertan, taldekideekin batera, abeslari ezagunek hartu dute parte, besteak beste, Víctor Manuelek, Leire Martínezek (La Oreja de Van Gogh) eta Rosa Leónek.
-
'Eres tú: De Mocedades a El Consorcio' dokumentalaren irudia
Urte Berri egunean Eres tú: De Mocedades a El Consorio dokumentala estreinatuko da ETB2n eta eitb.eus-en, azken 50 urteotako euskal musika talderik ikonikoenaren historia kontatzen duen lana. Mundu osoan ezagun egin ziren "Eres tú" abestiarekin Eurovision lehiaketan bigarren geratu ondoren. Mocedades (hasieran) zein El Consorcio (ondoren) taldeetako kideek orain arte isilpean gordetako xehetasun eta pasadizo pertsonalak kontatuko dituzte ikus-entzunezkoan.
Bost hamarkada hauek askorako eman dute: pozak, desadostasunak, ongietorriak, agurrak, talde berrien sorrera... Taldeko kideak — Iñaki Uranga, Amaia Uranga eta Estibaliz Uranga, Carlos Zubiaga eta José Ipiña — orain arte inoiz ikusi ez ditugun moduan erakutsiko dizkigu dokumentalak.
Kontakizunean eurekin lan egin duten musikari eta profesionalek, senide eta lagunek eta jarraitzaileek hartu dute parte: Leire Martínez, Víctor Manuel eta Rosa León musikariek; Anne Igartiburu eta Mayra Gómez Kemp aurkezleek; Ion Aramendi kazetariak; Oscar Gómez eta Emilio Santamaría ekoizleek, eta Allende eta Maria Blanco, Sergio eta Estibalizen alabek.
Istorio honetako protagonisten adierazpenak RTVEko eta EITBko funtsetatik eta taldeko kideen artxibo pertsonaletatik ateratako artxiboko irudiekin osatu dira. Hartara, musika emanaldiak eta familia eremuko eszenak bildu dira. Dokumentalaren zatirik handiena Bilbon grabatu da, protagonisten jaioterrian: hala nola Alde Zaharreko kaleetan eta Jazzon aretoan.
Zesatenjuenaz ekoiztetxearen lana da Eres tú: De Mocedades a El Consorio eta Lorea Pérez de Albenizek zuzendu du, Laura Gonzálezen gidoiarekin. Juantxu Beloki da argazki zuzendaria, Xanti Salvador soinu-arduraduna eta Goiuri Aldekoa-Otalora produkzio zuzendaria. Hannot Mintegiak egin du muntaia eta Doxa Produkzioak enpresak postprodukzioa. Filmak EITBren eta RTVEren parte-hartzea du, eta Bilboko Udalaren babesa.
Eres tú: De Mocedades a El Consorio dokumentala astelehenean, urtarrilak 1, izango da ikusgai, 22:00etan, ETB2n eta eitb.eus-en.