Euskadi pregunta
'Euskadi pregunta'
Zeintzuk dira Laura Mintegi elkarrizketatu duten 30 herritarrak?
M. Beistegi
Erantzun bila aritu dira 30 lagun ETB-2ko ‘Euskadi pregunta’ saioaren lehen edizioan. 18 emakumek eta 12 gizonek euren kezkak helarazi dizkiote Laura Mintegi EH Bilduko lehendakarigaiari.
-
Platoa. EiTB
Herritarrek hartu dute hitza gaur gauean ETB-2n. 30 lagun etorri dira ‘Euskadi pregunta’ saioko platora Laura Mintegi EH Bilduren lehendakariari gehien interesatzen zaizkien galderak egitera.
Ordu eta erdi inguru iraun duen berbaldian, politika, ekonomia eta gizarte gaien inguruan galdetu diote 30 euskal herritar horiek Mintegiri. Bildarte prospekzio soziologikoko enpresak aukeratu ditu, EAEko biztanleriaren estatistika irizpideak kontuan hartuta. Saioan parte hartu ahal izateko, Euskal Autonomia Erkidegoko biztanlea izan behar da, eta ezin da inongo hauteskunde-zerrendatan agertu. Aukeraketa egiteko, enpresak herritarren adina, sexua, bizilekua, lanbidea eta ideologia politikoa hartu ditu kontuan.
Miramongo platoan jesarri diren herritarretatik 12 egun lanean daude, eta askotariko lanbideak dituzte. Besteak beste, banku bateko langile bat, musika irakasle bat, kirol egokituaren sustatzaile bat, irakasle bat, zine banatzaile bat, informatikari bat, hiesa prebenitzeko programen koordinatzaile bat, aseguru-etxeko langile bat, artisau bat eta komertzial bat bildu dira bertan.
Gainerakoen artean, 7 lanik gabe daude, 5 erretiratuta edo aurretik erretiratuta daude, 5 ikasten ari dira, bat etxeko langilea da eta beste bat etxekoandrea.
Guztira, 18 emakume eta 12 gizon izan dira, 22 eta 69 urte bitartekoak. Gehienak (15) Bizkaitik bertaratu dira: 8, Bilbotik; 2, Barakaldotik; eta bana, Portugalete, Galdakao, Leioa, Karrantza eta Artziniegatik. Gipuzkoatik, 8 joan dira: 4, Donostiatik; eta bana, Errenteria, Beasain, Oiartzun eta Eibarretik. Gainerako 6 parte-hartzaileak Arabako hiriburukoak dira.
Irailaren 28an, ostirala, emango du ETB-2k bigarren saioa. Antonio Basagoiti Alderdi Popularreko hautagaiaren txanda izango da orduan. Hauteskunde-kanpaina hasi aurreko egunetan izango dira beste bi saioak: batean, Patxi Lopez PSE-EEko hautagaia hartuko dute, eta bestean, Iñigo Urkullu EAJ-PNVko lehendakarigaia. 30 herritarren galderei erantzun beharko diete guztiek. Horietako bat izan nahi duzu?
INFORMAZIO OSAGARRIA
Bidali zure galdera lehendakarigaiari
Nola aukeratu dituzte 'Euskadi pregunta' saioko herritarrak?
Inkesta: Zein galdera gustatu zaizu gehien?

