telebista
Saria
"Atrápame Si Puedes" saioak Telebista Akademiaren Iris saria jaso du
EITB Media
FORTAko kideek elkar-banatzen duten lehiaketak programa autonomiko onenaren golardoa jaso du. Hostoil ekoiztetxeak ETBrako sorturiko lehiaketa, gaur egun, beste hamar telebista kanaletan ere emititzen da: Aragón TV, TVG, TV3, CMMedia, Canal Sur, IB3, TVC, À Punt, Telemadrid eta Canal Extremadura.
-
"Atrapame si Puedes" lantaldeak, saria jasotzen. Argazkia: FORTA
Astearte honetan, urtarrilak 14, egin da Madrilen Telebista eta Ikus-entzunezkoen Zientzia eta Arteen Akademiaren 2024ko Iris sarien banaketa ekitaldia. Bertan, programa autonomiko onenaren golardoa jaso du "Atrápame Si Puedes" saioak: Bertsio gehien dituen lehiaketa autonomikoa da, sari ekonomiko gehien eman dituena eta berau emititzen duten kanal guztiei ikus-entzule gehien ematen dizkiena, epai-mahaiaren iritziz. Izan ere, Hostoil ekoiztetxeak jatorriz ETBrako sorturiko lehiaketa, gaur egun, beste hamar telebista kanaletan ere emititzen da: Aragón TV, TVG, TV3, CMMedia, Canal Sur, IB3, TVC, À Punt, Telemadrid eta Canal Extremadura.
Patxi Alonsok ETB2n astelehenetik ostiralera aurkezten duen saioa 11. denboraldian murgilduta dago. Egunez egun hazten jarraitzen du eta ETBren tarterik ikusienetako bat da. 2017az geroztik asteburuetako edizioa ere badu, lehiaketaren bertsiorik dibertigarriena.
Aurkezle autonomiko onenaren saria, berriz, Manu Sánchezek jaso du, Canal Surreko "Somos Música" saioagatik.