48 ordu
22:00etan
Arantzazuko santutegian murgilduko da gaur Onintza Enbeita '48 Ordu...' saio berrian
EiTB
Euskal Herrian pil-pilean dauden gaiak ikuspegi original, irudimentsu eta entretenigarri batetik landuko ditu.
Erreportaje saio berri batekin datorkigu Onintza Enbeita kazetari eta bertsolaria ETBra. Zinemaldiari buruzko saio bereziaren arrakastaren ostean, '48 Ordu…' izeneko asteroko saioari ekingo dio gaurtik aurrera. Euskal Herrian pil-pilean dauden gaiak ikuspegi original, irudimentsu eta entretenigarri batetik landuko ditu Enbeitak espazio berritzaile honetan.
Gai bat ardatz hartu, eta, hainbat ertzi erreparatuz, zenbait protagonista elkarrizketatuko ditu, ohikoa duen naturaltasun eta gertutasuna erakutsiz. Bestalde, saioak umore printzez betetako atal bereziak izango ditu: kale-inkestak, anekdotak, fikziotik gertu dauden egoerak...
Osteguneko atalean, Arantzazuko santutegia
Osteguneko atalean, Onintza Enbeitak 48 ordu pasatuko ditu Arantzazuko santutegian. 50 urte bete dira Jorge Oteiza eskultore handiak 14 apostoluen frisoa Arantzazun ipini zuenetik. Artelan polemikoa izan zen bere garaian, besteak beste, Vatikanoak debekatu egin zuelako eta 14 urtez bide-bazterrean utzita egon zelako. 14 apostolu horien atzean dauden bitxikeriak, datu harrigarriak eta istorio bereziak ikusiko ditugu 48 ordu horietan.
Horretarako, Pello Zabala, Jon Sarasua, Iñaki Almandoz, Txomin Perurena eta Iñaki Ortiz de Villalba elkarrizketatuko ditu Onintza Enbeitak.
'48 Ordu…' saioa ostegunetan izango da ikusgai ETB1en eta eitb.eus-en, 22:00etan.