Itxi

Altsasu

Altsasu

Altsasu

Aurkezpena

"Altsasu" telesaila estreinatuko du EITBk abenduaren 9an

EITB

Aurkezpena ostiral honetan egin da eta bertan izan dira, besteak beste, Edu Barinaga ETBko zuzendaria, Asier Urbieta telesaileko zuzendaria eta Jon Olivares, Erik Probanza eta Itziar Atienza aktoreak.

  • "Altsasu" telesailaren aurkezpena.

    "Altsasu" telesailaren aurkezpena. Argazkia: EITB

Ostiral honetan, abenduak 4, egin dute EITBk eta Baleuko ekoiztetxeak "Altsasu" telesail berriaren aurkezpena. Altsasuko zortzi gazteen historian oinarritutako kontakizun askeak, batez ere, auzipetuen sentimenduetan egiten du azpimarra.

Aurkezpenean izan dira Edu Barinaga ETBko zuzendaria, Asier Urbieta "Altsasu" telesaileko zuzendaria, Jon Olivares, Erik Probanza eta Itziar Atienza "Altsasu"ko aktoreak, Eider Gabilondo ekoizpenaren zuzendaria eta Idurre Carajeville Baleukoko produktore eragilea.

Asteazkenetik, abenduak 9, aurrera izango dugu ikusgai ETB1en eta eitb.eus-en 22:30ean. Telesail berriak lau atal ditu eta Asier Urbieta proiektuaren zuzendariak sortu du.

Koadrilla eta interes desberdinetako zortzi gazte, elkarren artean harreman sendorik ez zuen gazte taldea, prozesu judizial batek kateatuko du. Auziaren jatorria zerbitzuz kanpo zeuden Guardia Zibileko bi kiderekin taberna batean gauez izandako liskarra da; haren ondorioz antolatutako talde izatea leporatu zieten zortzi gazteei.

Dokumentazio ofizialean deskribatzen diren gertakariak eta une bakoitzeko kronikak dira kontakizunaren bizkarrezurra. Egoera eta giro arrotz batek ezustean harrapatutako pertsonaien bizi-birak kontatu eta fikzionatu dira. Hala, gertatutakoaren inguruan ikusleen hausnarketa bultzatzea du helburu telesailak.

Aktore gazteak eta beteranoak

Gazteak eta beteranoak uztartzen dira telesaileko aktore nagusien artean. Batetik, Jon Olivares (Urko), Erik Probanza (Aitor), Nikola Zalduegi (Eki), Aia Kruse (Naiara), Asier Oruesagasti (Ander), Julen Jimenez (Gorka), Xabier Elizalde (haritz) eta Ander Azurmendi (Jonmi) protagonista gazteak daude, eta zortzi auzipetuen rola egingo dute. Bestetik, guardia zibilak, Cristian Merchan (Carlos), Jorge Monje (Raúl) eta Yasmina Drissi (Maria Isabel, guardia zibilaren neska laguna) izango dira. Aktore taldea osatzeko, berriz, aktore ezagun sorta: Jose Ramon Soroiz (Xabier),  Miren Gojenola (Izaskun), Jose Ramon Argoitia (Joxe) eta Itziar Atienza (Leire abokatua).

Asier Urbieta telesailaren zuzendariarekin batera, Eider Gabilondo izan da ekoizpenaren zuzendaria, eta Harkaitz Canok, Mikel Alvarezek eta Andoni De Carlosek osatu dute gidoilari taldea. 

Altsasuko hainbat toki izan dira filmazioaren gune nagusi. Halaber, Iruñea, Oiartzun eta Segoviako kartzela, besteak beste, izan dira baita ere filmatzearen lekuko.