Ametsen Arbola
Estreinaldia
Euskal Herriko umeen ametsak bildu eta egia bihurtuko ditu Xabier Madariagak "Ametsen Arbola" saio berrian
EITB Media
Eskola batean landatuko dute astero zuhaitz magikoa, eta ikasleek bertan zintzilikatuko dituzte maite duten norbaitentzat pentsatutako ametsa. Horietako hiru nola betetzen diren erakutsiko du programak.
-
Xabier Madariaga aurkezlea
Hainbat herritarren ametsak egia bihurtuko dituen "Ametsen Arbola" saioa estreinatuko da datorren igandean (irailak 15), ETB1en eta eitb.eus-en. Xabier Madariagak aurkeztutako programan, Euskal Herriko eskola batean landatuko dute astero ametsen arbola. Bertan, ikasleek euren ametsak idatzi eta zintzilikatuko dituzte, baina desio horiek ez dira eurentzat izango, beste pertsona batentzat baizik. Arbolak hiru amets aukeratuko ditu saio bakoitzean, eta Xabier Madariagak egia bihurtuko ditu senide eta ingurukoen laguntzaz.
Euskal Herriko hamar herritan grabatu da "Ametsen Arbola": Bergara, Doneztebe, Azpeitia, Gasteiz, Ondarroa, Donostia, Burlata, Gernika, Senpere eta Lekeitio. Horietako batean egin da saioaren aurrestreinaldia ostegun honetan: Bergaran, lehen ataleko protagonista diren Mariaren Lagundia ikastolako kideekin. Xabier Madariaga aurkezleak eta Agustin Ezenarro programaren EITBko arlo-buruak hartuo zuten parte ekitaldian, ikastolako ordezkariekin batera.
Bergarako aurkezpeneko irudia
Emozioak pil-pilean jarriko dizkigu ETB1eko saio berriak, une hunkigarri asko biziko baitituzte desioak proposatuko dituzten gaztetxoek, hura betetzen lagunduko duten pertsonek eta, noski, ametsetako protagonistek. Bilobak eskatuta, Baztango amona batek airetik ikusiko du bere herria abioneta batetik; beste gazte batek, berriz, afari-merienda prestatuko du aiton-amonentzat, beregatik egin duten lan guztia eskertzeko. Realaren zale amorratua den amaren ametsa beteko du beste neskato batek, bere jokalari kuttunak Reale Arenan ezagutzera eramanda.
Bergarako Mariaren Lagundia ikastolako haurrak, EITBko ordezkariekin
"Ametsen Arbola" saioa igande gauetan izango da ikusgai, Xabier Madariagak aurkeztuta, 22:00etan, ETB1en eta eitb.eus-en.