Itxi

Arimaren Margolariak

Arimaren Margolariak

Arimaren Margolariak

22:00etan

'Arimaren Margolariak' saioa gaur gauean estreinatuko da ETB1en eta eitb.eus-en

EiTB

Euskal Herriko margolari amateur onena aukeratzeko helburua duen realitya Koldobika Jauregi, Arantxa Orbegozo eta Jorge Malcorra artista adituek gidatuko dute.

0:36
Koldobika Jauregi, Arantxa Orbegozo eta Jorge Malkorra 'Arimaren Margolariak' saioko platoan

'Arimaren Margolariak' Euskal Herriko margolari onena aukeratzea helburua duen realitya hasiko da gaur gauean, ETB1en eta eitb.eus-en (22:00etan). Zortzi lagun lehiatuko dira hiru adituren begiradapean: Koldobika Jauregi (eskultorea eta Dantza filmeko zuzendari artistikoa), Arantza Orbegozo (erretratugilea eta muralista) eta Jorge Malcorra (artista eta psikologoa).

Saio bakoitzean, margolaritzaren teknika desberdinak erabiltzeko gaitasuna eta artea erakutsi beharko dute zortzi lehiakideek, Euskal Herriko historiarekin eta nortasunarekin, azken finean gure arimarekin, lotutako gaiak mihisera eramanez. Gure lurraren arima margotzea izango du helburu saioak, eta teknika, talentua eta sentimendua izango dira nagusi. Sonia Ruak zuzendu du Newmediak eta ETBk elkarrekin ekoiztu duten programa.

Zortzi lehiakideak hauek izango dira: Jokin Telleria, 62 urteko beasaindarra; Idoia Iturri, Erandioko 46 urteko bizilaguna; Javier Igoa, 64 urteko lesakarra; Maria Goñi, 34 urteko iruindarra; Beatriz Gonzalez, Usansoloko 23 urteko bizilaguna; Pablo Blanco, 23 urteko zangozarra; Mertxe Arana, 76 urteko donostiarra, eta Yoni Salaberria, 22 urteko goizuetarra.

Gai bat izango dute ardatz saio bakoitzean. Zortzi atal izango ditu saio-sorta honek, eta zortzigarrena final handia izango da. Hasteko, lehen saioan, itsasoa izango dute oinarri, eta Pasaiara eta Ondarroara joango dira parte-hartzaileak. Gernikako bonbardaketa eta Picassoren koadroa izango dira bigarren atalean ardatz; Amorebieta-Etxanon eta Gernika-Lumon izango dira lehiakideak. Hirugarren saioak Zugarramurdira eramango ditu eta denboran 65.000 urteko bidaia bat egingo dute atzera, Neanderthalgo gizakiek lehen labar-pinturak egin zituzten garaira.

Denetarikoak dira, esan bezala, lehiakideak inspiratuko dituzten gaiak. Honela, bada, laugarren atalean pilotaz jardungo dira, eta Tolosan eta Bilbon izango dira. Bosgarren saioak Iparraldea izango du oinarri, zentzumen guztiak piztuko dizkien barne bidaia bat egingo dute lehiakideek Biarritzetik eta Urdiñarbetik pasatuta. Seigarren saioan, berriz, industria iraultzaz arituko dira, Portugaleten, Sestaon eta Bilbon. Zazpigarren atalean, Arabako Errioxa gai hartuta, mahasti artean ibiliko dira lehiakideak Guardian eta Samaniegon, eta azken saioa, final handia, sorpresa izango da 'Arimaren Margolariak' irabazteko aukera izango duten lehiakideentzat.

Atal bakoitzean bi proba egongo dira: immunitate proba eta kaleratze proba. Programa amaieran, Galeriara joango dira, eta bertan erabakiko da nork utzi beharko duen programa, nor kaleratuko duten.

Immunitate proba egin ondoren, saioa grabatu den herriko 15 bat lagunek herri epaimahaia eratu eta lan onena aukeratuko dute, boto bidez. Hartara, 'immunitatea' emango diote irabazi duen lanaren egileari. Horrek esan nahi du ez dutela kaleratze proba egin ostean kaleratuko, baina hori ez du jakingo galeriara iritsi arte.

Kaleratze proba luzeagoa edo erronka handiagoa izaten da. Proba egin eta gero, galeriara joango dira, koadroak aztertuko dituzten tokira, hain zuzen ere.

Galerian, hiru adituek banan-banan aztertuko dituzte koadroak, iruzkin bat egin, eta amaieran erabaki eta jakinaraziko dute programa nork utzi behar duen.

Donostiako Antiguako oinezkoen tunelean 'Arimaren Margolariak' margotu dute

Saioa aurkezteko, Donostiako Loretope tunelean (Antiguako oinezkoen tunela), Victor Goikoetxea margolariak saioaren izenburua, 'Arimaren Margolariak', margotu nahi izan du horma batean. Saioa omentzeko artelan iragankorra egin aurretik, baina, 'Itsasarte-Miramart' irudikatzen duen margolana sortu du tunelaren sabaian.

Saioaren aurkezpenean, Gorka Garcia ETBko Programa eta Arte zuzendaria, Begoña Atin Newmediako ekoizle exekutiboa, Arantxa Orbegozo eta Jorge Malcorra adituak eta lehiakideak izan dira: Idoia Iturri, Yoni Salaberria, Jokin Telleria, Javier Igoa, Maria Goñi eta Mertxe Arana.

Itsasoa, lehen atala

'Arimaren Margolarien' lehen bidaiak, gaur gauean, kresal zaporea izango du. Lehiakideek Pasaian hasiko dute abentura, eta Albaola Ontziolan egingo dute programako lehen proba. Immunitate proba horretan, antzinako baleontzien espiritua egurrean islatu beharko dute. Erronka zail horri aurre egiteko, Koldobika Jauregik coach lanak utzi eta adituaren amantala jantziko du, egurra nola margotu behar den azaltzeko. Ondoren, kaleratze proban, performance baten lekuko izango dira Ondarroako portuan: arrantzaleak lanean jardungo dira bertan, eta margolariek mihisera eraman beharko dute tradizio horren egunerokotasuna. Proba horrek berebiziko garrantzia izango du, egindako artelanaren mailak zehaztuko baitu nor izango den 'Arimaren Margolariak' saioa utziko duen lehen lehiakidea, saio bakoitzean bat kaleratuko baitute.