Arimaren Margolariak
22:00etan
Industria iraultza hizpide, gaur gauean, 'Arimaren margolariak' saioan
Sorpresa handi batekin hasiko da gaurko atala: kanporatutako lehiakide bat berriz sartuko da lehian.
Euskal Herrian berebiziko garrantzia izan zuen industrializazioak. Bilbo inguruan, meategiek eta ontziolek aberastasun handia sortu zuten, baina baita pasarte ilun ugari ere, lantegiak ixten hasi zirenean. Hori da, hain zuzen, Arimaren margolariek kapitulu honetan harrapatu beharko dutena: aberastasun eta garai oparo baten narriadura eta oroitzapena.
Hala ere, aste hau, ohi ez bezala, Galerian hasiko dute, kaleratutako lehiakide bat berriz sartuko baita lehian. Sorpresa harrigarri honen ostean, Portugaleteko Rialia museoan burdina era egokian margotzen ikasiko dute, egungo pop art eskulturak egiten dituen Victor Arrizabalagaren eskutik.
Baina, pop artaren kolore biziak alde batera utzi, eta Sestaoko ArcelorMittal enpresaren kolore ilun eta tristeak jaso beharko dituzte beraien burdina plantxetan, garai bateko industriaren indarra eta nostalgia adierazteko. Ondoren, Ezkerraldeko herri-epaimahai batek erabakiko du, sentimenduak bihotzean eta irizpide artistikoa begietan, zein den obrarik onena.
Saioko azken geldialdia Bilbon egingo dute, garai batean Euskalduna Ontziola egon zen tokian. Bertan, 80ko hamarkadan egin ziren manifestaldietako baten performance bat ikusi, eta borroka egiteko indar hori islatu beharko dute mihisean lehiakideek. Galerian sorpresatxo bat jasoko dute, immunitate probako garaileak zuzenean finalera joateko txartela jasoko baitu. Nor izango ote da?
'Arimaren margolariak' asteazkenetan izaten da ikusgai, 22:00etan, ETB1en eta eitb.eus-en.