Itxi

Asko maite zaitut

Asko maite zaitut

Asko maite zaitut

Omenaldiak

Jose Luis Korta protagonista, gaur, 'Asko Maite Zaitut' saioan

A.E.| EiTB

Orioko Kortazaleak taldeak bultzatu du, 22:00etatik aurrera, ikusiko dugun arraun patroi ezagunaren omenaldia.

0:22

Gaur esksiniko du ETB1ek Jose Luis Korta protagonista duen 'Asko Maite Zaitut' saioa. Arraun munduan norbait ezagunik bada bera da ezagunena. Traineruan hasi aurretik, banku mugikorrean hamaika txapel irabazitakoa. Besteak beste, 1980an, Moskuko joko olinpikoetan, diploma lortu zuen.

Hala ere, batez ere traineruetan eduki duen ibilbideagatik da ospetsua Jose Luis. Bost taldetan aritu da Korta (Orio, Lasarte-Michelin, Kaiku, Zierbena eta Castro), eta talde horiekin Kontxako 16 bandera eta beste hainbat estropada irabazi ditu arraunlari, patroi eta entrenatzaile gisa. Kontrako zein aldeko jarraitzaile ugari ditu Jose Luisek.

Hain zuzen, bere jarraitzaile talde batek, Orioko Kortazaleak taldeak, omendu nahi izan du. 1999. urtean sortu zen Kortazaleak taldea, 50 lagunek osatzen dute eta harreman estua dute Ortzaikakoarekin. Kortak azken 50 urteetan arraun munduari emandakoagatik eta elkar lotzen dituen laguntasun estuarengatik bultzatu dute omenaldia.

Bultzaitzaileez gain, Kaikun Kortaren arraunlari izandako Pedro Mari Abando eta Jose Luis Goirigolzarri elkarrizketatuko ditu Zuhaitz Gurrutxagak. Bigarren mailako taldea zen Kaiku 70eko hamarkadan, 1976an Korta taldera heldu zen arte. Kortarekin, Kontxako lau bandera lortu zituzten sestaotarrek, 1978tik 1982ra bitartean.

Pello Saizar Luxarbe eta Agustin Mujika Orioko eta Castroko arraunlariak izan ziren 90eko hamarkadan. Kortak entrenamenduetan ematen zien egurra gogoan dute oraindik, eta pesak egiten 20 urteko gazteak atzean nola uzten zituen ere bai. Entrenadore gisa gogorra izan arren, Korta beti edonori (baita aurkariari ere) laguntzeko prest egoten zela azpimarratzen dute.

Kamera ezkutua erabiliko du Zuhaitzek Kortaren eskuzabaltasun hori egiazkoa ote den frogatzeko. Kortarekin Amilibia ontziolaren atarian hitzordua egin du saioak konplize baten laguntzarekin. Hantxe, bide bazterrean kotxearen gurpilean zulatua eduki duelakoan topatuko du Kortak Zuhaitz. Hari laguntzen geldituko ote da?

Idoia Jose Luisen alabarik zaharrena da. Aita, senar eta aitona moduan nolakoa den azalduko digu berak, eta gure amua izango da aitari Ortzaika auzoan, bere jaiotetxearen ondoan, egingo zaion sorpresarako. Hantxe bilduko dira arraun munduko lagunak, Kortazaleak, familia eta Juanito Oiarzabal, besteak beste, Kortari ezustekoa ematera.

Umorez eta emozioz beteriko saioa izango da ikusgai gaur gauean, 22:00etatik aurrera, eitb.eus-en eta ETB1en.