Itxi

Bago!az

Bago!az

Bago!az

21:00etan

'Bago!az' lehiaketaren final handia, gaur gauean, ETB1en eta eitb.eus-en

EiTB

Eider, Danae eta Andrea dira finalera iritsi diren hiru gazteak, eta hiruretako bat izango da 'Go!azen' telesaileko hurrengo denboraldiko aktoreetako bat.

0:28
Eider, Andrea eta Dánae

'Bago!az' lehiaketaren final handia eskainiko dute ETB1ek eta eitb.eus-ek gaur gauean, 21:00etan. Hiru neska heldu dira finalera hirugarren edizio honetan: Andrea Garcia eibartarra, Eider Etxeandia zornotzarra eta Danae Riaño irundarra. Irabazlea 'Go!azen' telesaileko hurrengo denboraldiko aktoreetako bat izango da.

Hamabost hautagaik hasi zuten otsailean lehiaketa honen hirugarren edizioa: 7 lehiakidek eta 8 "olloki"k. Hamabi saioren ostean, hiru dira finalera iritsi direnak, baina bidean talentu handiko gazteak geratu dira.

Finala

Finalista bakoitzak bi abesti prestatuko ditu, beraiek aukeratutakoak. Finaleko lehen fasean, abesti bana kantatuko dute, eta epaimahaiak botoak emango ditu. Puntu gehien lortzen dituzten bi lehiakideak azken duelura pasatuko dira, eta duelu horretan erabakiko dute nor izango den 'Bago!az' lehiaketaren irabazlea.

Lehen fasean, Eiderrek Ken Zazpiren 'Gernikan' abestuko du, Danaek Beyonceren 'Love on top' eta Andreak Queen taldearen 'Somebody to love' abestiaren bertsio propioa ekarriko du.

Gainera, coachek ere abesteko parada izango dute. Saldias, Alkain, Andoni eta Alex The Eagles talde kaliforniarraren azalean jarriko dira, eta 'Hotel California'ren euskarazko bertsioa abestuko dute. Maria Amolategik, Ylenia Bagliettok eta Iker Villak, berriz, Bonnie M taldearen abestirik onenak ekarriko dizkigute.

Finalisten eta coachen abestiez gain, beste emanaldi batzuk ere izango dituzte. Adibidez, aurreko edizioko irabazlea, Maria Redondo, etorriko da, eta Governors taldearen 'Hezurraren kultura' abestuko du. Sorpresa gehiago ere izango dira, lehiakide ohien eta 'Go!azen'eko aktoreen eskutik, eta zirraraz beteta egongo da finala.

'Bago!az' lehiaketaren finala gaur gauean izango dugu ikusgai ETB1en eta eitb.eus-en, 21:00etan.