Bostekoa
22:00etan
Herri kirolak ardatz dituen 'Bostekoa' saioa, gaurtik aurrera, ETB1en
EiTB
Aitor Zubietak gidatuko duen saioan, astero bi herri izango dira nor baino nor gehiago sokatiran, harria jasotzen, txingak eramaten, trontzak mozten eta giza proban.
Herri kirolen mundua barrutik ezagutzeko aukera izango dugu Aitor Zubieta gidari izango duen 'Bostekoa' saioaren bitartez, gaurtik aurrera, ETB1en eta eitb.eus-en. Astero bi herri izango dira nor baino nor gehiago, sokatiran, harria jasotzen, txingak eramaten, trontzak mozten eta giza proban. Talde bakoitzeko bost lehiakideak eta horiek herri kirolekin duten lotura ezagutuko ditugu, baita horien herria eta inguruko jendea ere.
Zortzi herrik hartuko dute parte Etxarri Aranazko pilotari ohiak aurkeztuko duen saioan: Abadiño, Azpeitia, Elorrio, Errezil, Ibarra, Goizueta, Leitza eta Tolosa. Herri bakoitzak talde bat izango du, bost lehiakidez osatutakoa, eta bost kiroletan neurtu beharko dituzte indarrak. Irabazleak 5.000 euro jasoko ditu, eta, gainera, Herrien Arteko Pentatloi Txapelketako txapela jantziko du.
Programak bi zati izango ditu. Lehenengo zatian, Aitor Zubietak egun batzuk igaroko ditu lehiatuko diren bi herrietan. Lehiakideak eta horiek herri kirolekin dituzten harremanak ezagutuko ditu. Gainera, horien inguruko jendearekin solasean arituko da, eta herriko jendea eta txokoak ezagutuko ditu. Oro har, herriak eta lehiakideak ikus-entzuleengana gerturatzea, lehiaren aurreko giroa berotzea eta ikusmina piztea izango dira helburu nagusiak.
Saioaren bigarren zatia, berriz, lehiaketa bera izango da. Lehiakideek, esan bezala, bost probatan neurtuko dituzte euren indarrak. Batetik, sokatiran ariko dira: bi tiraldi egingo dituzte, eta hirugarren bat, berdinketa baldin badago. Harria jasoko dute gero: 63 kiloko harria hamar aldiz altxatuko dute. Ondoren, txingen txanda izango da: 25 kiloko txingak hartuta, hiru joan-etorri egin beharko dituzte (sei plaza, guztira; plaza bakoitzak 21 metro ditu). Hori amaitutakoan, trontzan jardungo dute: bost mozketa egin beharko dizkiote 45 ontzako perimetroa duen pinu baten enborrari, eta euskal zerra erabiliko dute horretarako. Azkenik, giza proba egingo dute: 470 kiloko bi harri egongo dira, eta talde bakoitzak bi plaza egin beharko ditu harri bakoitzarekin. Denbora izango da probak irabazi edo galtzeko gakoa, proba guztiak burutzeko denbora gutxien behar duen taldeak egingo baitu aurrera.
Herri kirolak ikusaraztea eta ikus-entzuleei hurbiltzea da saioaren asmoa, eta, hein berean, emozioz betetako programa entretenigarria eskaini nahi du ETBk. Taldekideen artean, berriz, denetariko profilak ikusiko ditugu, herrien arabera.
Herriko irratia saioaren haria
Bestalde, programaren haria irratia izango da. Hau da, herri bakoitzean, tokian tokiko irratiak lagunduko du Zubietaren eta lehiakideen esperientzia kontatzen, bai programan zehar, baita lehiaketan bertan ere.
Bi herrien arteko lehiaketa Birleko probalekuan jokatuko da, Mungian. Lehenengo final-laurdenetako neurketetan, hauek ikusiko ditugu nor baino nor gehiago: Ibarra - Tolosa, Elorrio - Abadiño, Leitza - Goizueta eta Azpeitia - Errezil. Elkarren artean jokoan hasi aurretik, mokoka izaten diren herriak jarri dituzte aurrez aurre. Herri horietako lauk finalerdiak jokatuko dituzte, eta, azkenik, final handia jokatuko da.
Tolosa eta Ibarra, aurrez aurre
Emozioak ez du hutsik egingo herri kirolei buruzko 'Bostekoa' programaren lehen atalean. Tolosa eta Ibarra herriak izango dira eguneko protagonista; tradizio eta lehia handiko bi herri. Bata bestetik gertu izan arren, saio honek erakutsiko du bien arteko aldea. Herri eta talde bakoitzak berea ekarriko du: une hunkigarri bezain lehiakorrak, laguntasunari zein familiari lotutakoak, barre zein negar egitea eragingo dutenak... Biek ala biek izango dute zer erakutsi eta zer adierazi, eta horren erantzule izango dira talde bakoitzeko parte-hartzaileak. Beraien indarrak eta abileziak erakusteko iritsiko dira.
Tolosako taldean hauek arituko dira: Alatzne Etxaburua (sokatiran eta trontzan), Iñaki Errazkin (sokatiran, harria jasotzen eta giza proban), Myriam Elorza (sokatiran eta txingetan), Igor Otero (sokatiran eta trontzan) eta Daniel Ariztimuño (sokatiran eta giza proban).
Ibarra, ordezkatuz, berriz, Oihane Sarasola (sokatiran eta trontzan), Aritz Garmendia (sokatiran eta giza proban), Aitor Luluaga (sokatiran, trontzan eta giza proban), Iñaki Agirre (sokatiran eta harria jasotzen) eta Ixiar Irastorza (sokatiran eta txingetan) gogor aritzeko prest eta herriaren alde egitera aterako dira.
'Bostekoa' saioa igandero izango da ikusgai ETB1en eta eitb.eus-en, 22:00etan.