boxeo izarrak
23:30ean
Mike Tyson izango da gaurko protagonista "Boxeo Izarrak" saioan
EiTB
Boxeolari ospetsuaren lau norgehiagoka ikusgarri eskainiko ditu saioak.
-
Mike Tyson boxealaria. EiTBren bideo batetik ateratako irudia
Gaur gauean, hamabost urte beteko dira Mike Tysonek boxeoa utzi zuenetik. Hori dela eta, boxeolari honek egindako azken lau borrokaldiak eskainiko ditu ostiraleko "Boxeo Izarrak" saioak. Lehenengoa Lennox Lewisen aurkako neurketa historikoa izango da. Borrokaldi honek sortu zuen ikusminaz konturatzeko nahikoa da datu bat ematea; ordainpeko telebistaz bildutako dirutzari dagokionez, ordura arteko marka guztiak hautsi zituen: 107 milioi dolar inguru.
Jokatu zuen hurrengo norgehiagoka Clifford Etienneren aurkakoa izan zen. Jarraian, Danny Williams britainiarraren aurka boxeatu zuen, eta Kevin McBride irlandarraren aurkakoa izan zen azkena. Hortxe utzi zuen boxeoa pisu astuneko munduko txapeldunik gazteenak.
"Boxeo Izarrak" gaur izango da ikusgai, 23:30ean, ETB1en.