boxeo izarrak
00:30ean
Goi mailako lau borrokaldi, gaur gaueko "Boxeo Izarrak" saioan
EITB Media
Hasteko, pisu ertaineko txapelketa bat izango da ikusgai: Janibek Alimkhamully eta Hassan N´Dam izango dira aurrez aurre.
-
Pedro Mari Goikoetxea.
Gaur gaueko "Boxeo Izarrak" saioak goi mailako lau borrokaldi eskainiko ditu. Hasteko, pisu ertaineko txapelketa bat izango da ikusgai: Janibek Alimkhamully eta Hassan N´Dam izango dira aurrez aurre. Kazakhstang boxeolaria afizionatu mailan munduko txapeldun izandakoa da eta profesional legez dabilenetik ez du neurketarik galdu. Hassan N´Dam frantziarra, ostera, munduko txapeldun izan zen 2010ean eta 2016an.
Bigarren norgehiagokan, Abraham Nova eta Richard Pumicpic arituko dira. Arkaitza baino gogorragoak dira bi mutilak. Nova amerikarrak orain arte egindako 19 borrokaldiak irabazi ditu. Hirugarren neurketan Andrés Cortés eta Genesis Servania ikusiko ditugu. Cortes mexikarrak 14 aldiz boxeatu du profesional mailan eta denetan lortu du garaipena. Servania filipinarrak munduko txapelketa jokatu zuen 2017an Oscar Valdezen aurka. Eta amaitzeko, Kasir Goldston eta Maurice Anthonyren artekoa eskainiko dizuegu. Goldstonek 18 urte baino ez ditu eta zaleek itxaropen handiak jarri dituzte berarengan.
"Boxeo Izarrak" gaur gauean, 00:30ean ETB1en.