Burubero
Zakua
Hernanira joan da 'Burubero'ko 27.000 euroko zakua
Peru Dominguez hernaniarrak lortu du 'Burubero'k inoiz eman duen saririk potoloena parte hartu duen lehen programan.
'Burubero' saioak bere historiako zakurik potoloena banatu du ostegun honetan. 27.000 euro irabazi ditu Peru Dominguez lehiakideak. Bere lehen saioan, azken probara iritsi eta zakua eraman du.
Peruk 21 urte ditu, eta hernaniarra da. Enpresa ikasketak egiten ari da Donostian. Kirola egitea, mendira joatea eta lagunekin egotea gustatzen zaio. Saskibaloi talde batean jokatzen du Hernanin bertan. Zakua irabaziz gero, neska-lagunarekin Korsikara bidaiatxo bat egingo lukeela esan du saria lortu aurretik. Aukera ezin hobea du orain!
Zakua eskuratu ondoren, Kike Amonarrizek aurkezten duen saioan parte hartzen jarraituko du, eta diru gehiago irabazteko aukera izango du.
27.000 euroko zakua 'Burubero'n orain arte eman duten zakurik potoloena da, baina beste hiru zaku eman dituzte aurretik. Lehenengoa 6.700 eurokoa izan zen, eta Urtzi Leonetek irabazi zuen; bigarren zakua, 2.300 eurokoa, Orioko Iker Gurrutxagarentzat izan zen; eta hirugarren sari potoloa, 25.500 eurokoa, Irungo Iñaki Goikoetxeak irabazi zuen, abenduan.
Zakuez gain, beste hainbat sari eman dituzte, eta dagoeneko 90.000 euro banatu dituzte.