Chiloé
22:15ean
Hegoafrikan izango da gaurko 'Chiloé Lasterka Munduan' saioa
EITB
Zigor Iturrietak 76 kilometroko Addo Elephant ultra traila egingo du, eta, gainera, Hegoafrikako hainbat hiri eta paraje ikusgarri ezagutuko ditu.
'Chiloé Lasterka Munduan' saioak Afrikara bidaiatuko du gaur gauean, Hegoafrikara, hain zuzen ere. Zigor Iturrieta, 76 kilometroko Addo Elephant ultra traila egiteko asmoarekin joango da, eta, bide batez, herrialdeko hainbat paraje eta hiri ezagutuko ditu, eta Hegoafrikako kultura eta historian murgilduko da bertako jendearen eskutik.
Hasteko, Johannesburgeko bizitza, jatetxeak eta bertako museoak ezagutuko ditu; Apartheid museoa, horien artean. Ondoren, Sowetora joango da, eta bizikletaz ezagutuko du Nelson Mandelaren bizilekua izandako hiria.
Halaber, Johannesburgetik kanpo, Sterkfonten kobak ezagutuko ditu. Bertan, duela 2,6 milioi urteko emakumezko baten garezurra topatu zuten 1947an, eta Mrs. Ples izenarekin ezagutzen dute mundu osoan.
Horrez gain, Port Elizabeth hiri txiki eta dotorea ezagutuko du. Bertan, Mark Oosthuizen Hegoafrikako chef ospetsuenarekin egongo da, Fushin Sushi jatetxean. Hiritik gertu, Addo Elephant National Park dago, eta bertan egingo du Zigorrek 76 kilometroko erronka gogorra. Parke natural horretan, elefanteak, zebrak, bufaloak eta lehoiak daude, eta lasterketa oso gogorra izango da, 40 gradutik gorako tenperaturak izango baitituzte. Lortuko al du Zigorrek lasterketa gainditzea?
'Chiloé Lasterka Munduan' ostegunetan izaten da ikusgai, 22:15etik aurrera, eitb.eus-en eta ETB1en.
TB1en.