Dantzatzen den herria
22:00etan
Elizondon izango da "Dantzatzen Den Herria" gaur gauean
EiTB
Baztango herri honetako bizilagunek dantza jira handia egingo dute.
Gaur gauean, Baztango Elizondo herriko bizilagunak dantzan jarriko dituzte Itziar Alduntzinek eta Gotzon Pozak "Dantzatzen Den Herria" saioan. Ahalegin guztiak egingo dituzte biek dantzaldian herri guztiak parte har dezan.
Bidean, istorio bitxiak ezagutuko ditugu, gertaera ezezagunak, kontu hunkigarriak... eta herritarrak; batez ere, herritarrak ezagutuko ditugu. Horien artean, Joxepi Miura mugalaria egongo da, garai batean gaulanean edo kontrabandoan ibilitakoa. Kontrabandoaren istorio harrigarriak kontatuko ditu. Laxoa ere ezagutuko dugu, pilotaren antzinako modalitate bitxia.
Elizondoko Malkorra gozo-dendan mugak gainditu dituen Urrekin egiñaren sekretuak erakutsiko dizkiote Itziarri. Eta Baztan eta inguruetan hain ezaguna den zuri eta beltza nola egiten den ikusiko dugu Elbeteko ostatuan.
Zaldiaren gainean paseo bat ematera eramango dituzte Ordoki zalditegikoek, haraneko txoko ikusgarriez disfrutatzeko modu paregabea. Bestalde, Baztango folklorearen erakusgarri diren sagar-dantza eta mutil-dantza ezagunen erakustaldiak egingo dituzte.
Amaitzeko, dantzaldi erraldoia antolatuko dute Elizondoko kaleetan barrena.
"Dantzatzen Den Herria" asteazkenetan izaten da ikusgai ETB1en eta eitb.eus-en, 22:00etan.