Itxi

Debatea

Gaur, ETB1en

Hondarribiko eta Urdaibaiko ordezkariak, aurrez aurre, 'Debatea'n

A.A.

EITB

Joxemi Elduayenek eta Jon Salsamendik Kontxako Estropadan gertatutakoari buruz eztabaidatuko dute Xabier Usabiagak gidatutako saioan. Igor Gonzalez de Galdeano ere elkarrizketatuko dute.

0:22

ETB1eko 'Debatea' saioa itxuraldatuta itzuliko da gaur gauean eta lehenengo saioan Hondarribia eta Urdaibai arraun elkarteetako ordezkariak jarriko dituzte aurrez aurre. Kontxako Estropadan sortutako liskarraren ondoren, bertan gertatutakoa azaltzeko aukera izango dute Joxemi Elduayenek, Hondarribiako presidenteak, eta Jon Salsamendik, Urdaibaiko entrenatzaileak, 22:00etatik aurrera ETB1en eta eitb.com-en. Horrez gainera, aurrerantzean Xabier Usabiagak gidatuko duen saioak Igor Gonzalez de Galdeano, Euskaltel-Euskadiko zuzendaria, elkarrizketatuko du, eta Kataluniako Diada eta EAJk PSE-EEk lortutako ituna ere izango dituzte hizpide.

Kontxako Estropadaren aurtengo edizioa polemikaz jositakoa izan zen. Hasieran, Urdaibai jo zuten garailetzat, baina Hondarribiak helegitea aurkeztu zuen bi ontzietako arraunek talka egin zutelako eta azkenean, epaileek Urdaibai deskalifikatzea erabaki zuten. Hortaz, bandera Hondarribiara joan zen. Urdaibai, ordea, ez dago ados erabakiarekin eta helegitea aurkeztea erabaki du. Giro honen erdian, bi ontzietako ordezkariak aurrez aurre jarriko dituzte eta gertatutakoaren iritzia emateko aukera izango dute gaurko 'Debatea'n.

Kirolarekin jarraituz, Euskaltel-Euskadi txirrindulari taldearen desagertzea ere izango dute ahotan eta bertako zuzendaria, Igor Gonzalez de Galdeano, elkarrizketatuko du Xabier Usabiagak. Fernando Alonso auto-gidariak Samuel Sanchezen inguruan taldea sortzeko asmoari buruz galdetuko diote besteak beste.

Horrekin batera, aste honetan aktualitatean puri purian egon diren gaiak izango dituzte hizpide. Atzo Katalunian ospatu zuten Diada eta erabakitzeko eskubidea aldarrikatzeko egindako giza-katea alde batetik; eta EAJ eta PSE alderdiek lortu duten herri - akordioa bestalde. Solas-mahaian bilduko dira: Andoni Unzalu, Arantza Azurza, Iñaki Galdos, Floren Aoiz, Mikel Arana eta Jule Goikoetxea.

'Debatea' ostegunero ikusi ahal izango da ETB1en eta eitb.com-en 22:00etatik aurrera.