Egunak egin du
23:15ean
"Egunak Egin Du" lehiaketa, astelehenetik ostegunera, ETB1en eta eitb.eus-en
EiTB
Egunero bi lagunek hainbat galderari erantzungo diete sofakideen laguntzaz, Klaudio Landak aurkeztuko duen saioan.
ETB1eko "Egunak Egin Du" saioa lehiaketa bilakatuko da urtarrilaren 28tik aurrera. Klaudio Landa aurkezle duela, egunero bi lehiakidek hainbat galderari erantzun beharko diete, umorea eta lagunarteko giroa galdu gabe. Orain arte saioak erakutsitako ukitu bihurri, lotsagabe eta umoretsuari eutsiko dio lehiaketak.
Hartara, partaide bakoitzak bere "sofa" aukeratuko du, urdina edo gorria, eta baita sofakideak ere, jokoan lagun diezaioten. Lehiakideek "Egunak Egin Du" saioko ohiko sofakideen artean egingo du aukeraketa. Ainhoa Etxebarria, Xabin Fernandez, Mikel Elizegi, Alex Sardui, Onintza Enbeita, Anjel Alkain, Asier Hormaza, Nerea Arriola eta lagun zerrenda luzeak osatzen dute talde hori, eta egunero horietako lauk galtzak bete lan izango dute lehiakideei laguntzen.
Lehiakideak egokitu zaien sofan eseriko dira, aurrerantzean bere taldekoak izango diren sofakide bien artean. Saio bakoitzeko irabazle bat izango da, eta txapelduna hurrengo saiora joango da.
Segundoak irabaztea izango da lehiakideen helburua
Lehiaketako partaide bakoitzaren helburua ahalik eta segundo gehien lortzea izango da, eta taldekideen laguntza izango du horretarako.
Jokoak bost zati izango ditu, eta azkena finala izango da. Lehen fasean, hainbat galdera egingo dizkio Klaudiok talde bakoitzari; bigarren txandan, sofakide gorri eta urdin bat arituko dira aurrez aurre; hirugarren fasean, lehiakide biak bata bestearen aurka ikusiko ditugu, eta laugarren fasean, berriz, bi taldeak nor baino nor gehiago arituko dira.
Finalean, lehiakideak bakar-bakarrik arituko dira: partaide bakoitzak, aurrez irabazitako segundoak erabiliz, 10 galderari zuzen erantzun beharko die. Galderei zuzen erantzuten dien lehenengoak eramango du zakua. Bestela, erantzun zuzen gehien ematen dituenak saioa irabaziko du, 100 euro poltsikoratuko ditu eta hurrengo saioan egoteko txartela eskuratuko du. Bietako batek 10 galderei zuzen erantzun ezean, 100 euro gehituko dira zakura.
"Egunak Egin Du" saioan lehiatu eta ondo pasatu nahi duenak 607700750 zenbakira deitu edo egunakegindu@eitb.eus helbidera mezua bidali beharko du.
"Egunak Egin Du" lehiaketa astelehenetik ostegunera izango da ikusgai, 23:15ean, ETB1en eta eitb.eus-en.