Itxi

Egun on Euskadi

Egun on Euskadi

Egun on Euskadi

EITB Albistegiak

"Egun On Euskadi" saioa Estrasburgotik gaur

EITB Media

Albistea dagoen lekuan egoteko EITBko albistegi zerbitzuen nahiari helduz, Nerea Reparaz kazetariak Europar Batasunaren egoeraren eztabaidaren berri emango du bertatik eta euskal eurodiputatuak elkarrizketatuko ditu.

  • Iban Garate eta Nerea Reparaz "Egun On Euskadi" albistegiko aurkezleak

    Iban Garate eta Nerea Reparaz "Egun On Euskadi" albistegiko aurkezleak. Argazkia: EITB Media

Gaurko "Egun On Euskadi" albistegiaren zati handi bat Estrasburgotik egingo da, Europar Batasunaren egoeraren eztabaida dela-eta. Albistea dagoen lekutik bertatik herritarrei berri ematea izango dute helburu denboraldi honetan EITBko albistegiek. Joan den igandean, Kontxako Banderaren egunean, Donostiatik egin ziren eguerdiko "Gaur Egun" eta "Teleberri" albistegiak, ikus-entzuleen harrera bikainarekin. Oraingo honetan, Europako Parlamentuko kurtso politikoari hasiera emango dion ekitaldiaren berri emango du Nerea Reparaz kazetariak Estrasburgotik bertatik ETB1eko goizeko albistegian.   

Gaur, irailak 15, Europar Batasuna osatzen duten estatuek urteroko hitzordua dute Estrasburgon: udako etenaldiaren ostean, aurreko urtearen balantzea egin eta hurrengo hilabeteetarako erronkak zehaztea. Nerea Reparazek parlamentuko egoitzatik bertatik hasi eta amaituko du "Egun On Euskadi" albistegia, Ursula von der Leyenek bere lehen osoko bilkuran esandakoak ikus-entzuleekin eta Bilboko lankideekin partekatzeko. Halaber, Izaskun Bilbao (EAJ/PNV) eta Pernando Barrena (EH Bildu) euskal eurodiputatuak elkarrizketatuko ditu zuzenean. 

Iban Garatek Julen Bollain, Itziar Irazabal eta Jonatan Garcia solaskideak izango ditu lagun EITBren Bilboko egoitzako platoan, Europar Batasunaren egoeraren eztabaida eta egunak dakartzan berri nagusiak aztertzeko. 

Ostegunean, Eusko Legebiltzarreko osoko bilkura 

Ostegunean, hilak 16, Eusko Legebiltzarreko politika orokorreko plenoa egingo dute. ETB1ek eta eitb.eus-ek zuzenean eskainiko dute bilkura goizean goizetik, eta gaueko "Gaur Egun" eta "Teleberri" albistegiak Gasteizko Andre Maria Zuriaren plazatik aurkeztuko dituzte Yerai Diaz Ikaranek eta Juan Carlos Etxeberriak.