Eitb Kultura
ETB1en eta ETB2n
Logela Multimedia, gaur, 'EiTB Kultura Transit' saioan
A.A. | EiTB
Sortzaileak atalean, Ikerne Gimenez musikari, eszenografo eta figuringilea ezagutuko dute.
Logela Multimedia, 15 urtez ikuskizunak sortzen diharduen konpainia, hartuko du protagonista aste honetako 'EiTB Kultura Transit' saioak. Ander eta Imanol Garaizabalek zuzentzen duten taldeak diziplina anitzak lantzen ditu: animazioa, interakzioa, diseinua, musika… Ekoizpen digitalak zuzeneko ikuskizun bihurtzen adituak dira.
Arte eszenikoen alorreko konpainia askorekin aritu dira lanean: Dejabu Panpin Laborategia, Circle of Trust eta Motionhouse, besteak beste. Bilboko Break on Stage jaialdiaren antolatzaileak ere badira.
Bestalde, Ikerne Gimenez da aste honetako Sortzailea ETBko kultur programan. Horren jardun artistikoa bi bide oso ezberdinetan garatzen da. Batetik, musikari profesionala da eta, besteak beste, Fangoriarekin gitarra-jotzaile bezala ibili da biran urte askoan. Bestetik, eszenografia eta jantzigintza lanak egiten ditu, bertoko zein kanpoko konpainientzat. 2010ean, figuringile onenaren Max saria jaso zuen Avaricia, lujuria y muerte antzezlanean egindako lanagatik, eta Kukai Dantza Taldearen Gernika-Guernica dago bere azken sorkuntzen artean. Eszenografia bat pentsatzen den unetik taula gainera iristen den arte duen prozesua azaldu digu sortzaile bilbotarrak.
'EiTB Kultura Transit' gaur izango da ikusgai, 23:25ean ETB1en eta 00:45ean ETB2n.