Eitb Kultura
ETB1en eta ETB2n
Guggenheim Bilbao museoaren bost ikuspegi, 'EiTB Kultura Transit' saioan
EiTB
Sortzaileak atalean, Elena Setien abeslari eta musikariaren lana ezagutuko dugu.
-
Guggenheim Museoa
Guggenheim Bilbao Museoaren hogeigarren urteurreneko ospakizunekin bat eginez, aste honetako 'EiTB Kultura Transit' saioak museoaren momenturik garrantzitsuenak gogoratuko ditu. Hirian izan duen eragina aztertu, eta arte garaikidea herritarrengana hurbiltzeko egindako lana azalduko du. Gainera, museoaren etorkizunera begira jarriko da aste honetako saioa.
Horretarako, museoarekin harreman berezia duten bost pertsona elkarrizketatuko ditu: Xabier Salaberria eta Zaloa Ipiña artistak, Manu eta Irati Gañán Museoaren lagunak eta ohiko bisitariak, eta Lucía Agirre museoko curator-a.
Elena Setien musikaria
Sortzaileak atala Elena Setien abeslari eta musikariari eskainiko dio aste honetan 'EiTB Kultura Transit' saioak. Elenak ia 20 urte daramatza atzerrian bizitzen, eta ibilbide luzea jorratu du biolina eta pianoa lagun.
Jaioterrira, Donostiara, itzuli, eta bertan sortu du bere bigarren bakarkako lana: Dreaming of earthly things. Hirugarren albuma prestatzen ari da orain, eta bertako bi abesti jo ditu zuzenean.
Besteak beste, esperimentazioaz, jazzaaz eta musika sortzeko prozesuaz aritu dira.
'EiTB Kultura Transit' ostegunetan izaten da ikusgai, ETB1en (23:20), ETB2n (00:45) eta eitb.eus-en.