Eitb Kultura
Gaur, ETB1en eta ETB2n
Audience taldeak Kuban grabatutako disko berria, 'EiTB Kultura Transit'en
EiTB
Sortzaileak atalean, Ismael Iglesias Serrano artista bilbotarraren lana ezagutuko dute.
Audience taldearen hamaikagarren diskoak Isla du izena, eta Habanan grabatu zuten apirilean. Asteburu honetan ekingo diote aurkezpen birari, eta 'EiTB Kultura Transit' saioan disko hori grabatzeko lanen berri emango dute.
Kubara egin zuten bidaia horren zenbait pasarte ikusteko aukera izango dugu; Habanako kaleetan zehar, entsegu tokietan eta estudioan hartutako irudiak, besteak beste. Lan berria Kaki Arkarazorekin batera sortu dute, eta Kubako hainbat musikariren kolaborazioa izan dute: Osanay Martinez abeslariaren ahotsa, Alejandro Delgado tronpeta-jotzailearen doinuak eta Yoraldy Abreu musikariaren perkusioa.
Kolaborazio horiek euren lana nola aberastu duten azalduko dute Audience taldeko kideek, euren estiloak eta kubatarrenak bat eginez. Bestalde, Isla izenaren esanahi bikotzaz ere arituko dira: batetik Kubako uharteari egiten dio erreferentzia, eta, bestetik, taldeak gaur egun bizi duen egoerari.
Ismael Iglesias artista
Ismael Iglesias Serrano artista bilbotarrak estudioko ateak ireki dizkigu Sortzaileak atalerako erreportajea egiteko.
Bere margolan geometrikoez gain, gaur egun lantzen ari den zimurren hiper-errealismoa ere ezagutu dugu. Lan hauetan mihisea bera zimurtzen du, eta esprai batzuekin margotuz testura bereziak lortzen ditu. Artistak azaldu digunez, hurrengo pausoa aurreko lanetako geometriak egungo hondo zimurtuetan txertatzea izango da.
'EiTB Kultura Transit' gaur gauean izango da ikusgai ETB1en eta ETB2n.