Itxi

Eitb Kultura

Eitb Kultura

Eitb Kultura

ETB1en eta ETB2n

Artea eta feminismoa, gaur gauean, 'EiTB Kultura Transit' saioan

EiTB

Sortzaileak ataleko protagonista Leire Urbeltz margolaria izango da.

Gaurko 'EiTB Kultura Transit' saioak Margaret Harrison artista britainiarraren lana hartuko du abiapuntu, artea eta feminismoaren arteko harremanean sakontzeko. Artearen munduan, ikuspegi feminista garatu zuten lehen artisten artean dago Harrison. Sexua, klasea eta bortizkeria dira horren lanaren ardatz nagusiak, eta bost hamarkadatan zehar egindako lana bildu du Azkuna Zentroan Xabier Arakistain zuzendari duen erakusketa batek. Sexu erasoak, protesta politikoak eta lan-eskubideak aldarrikatu zituen Harrisonek bere lehenengo erakusketan, 1971n, eta Poliziak itxi egin zuen.

Bestalde, Iruñeko hiru tokitan ikusgai dagoen 'Ni, denetan okerrena' erakusketaren atzean ere ikuspegi artistiko feminista da nabarmen. Nafarroako museoan, Huarte Zentroan eta Oteiza Museoan dago ikusgai. Eztabaida publikoan aldarrikapen feministek gero eta indar gehiago dute gaur egun, eta aldarrikapen horiek bere tokia dute artearen munduan ere.

Leire Urbeltz margolaria

Leire Urbeltz margolari iruindarra urtebeteko bidaiatik itzuli berri da. Ameriketako Estatu Batuak eta Mexiko arteko mugan ibili da, joan-etorrian, eta Tabakaleran eta Nafarroako Museoan aurkeztu berri duen Borderlands proiektua jaio da abentura honetatik. Ilustrazioaren bidetik hasi zuen arte munduko ibilbidea Urbeltzek. Orain, ordea, 'ilustrazio hedatua' deritzona garatzen du. Liburuaren mugak hausten dituen eta euskarri berrietara moldatzen den ilustrazioa, alegia. Bera da aste honetako Sortzaileak atalean protagonista.

'EiTB Kultura Transit' saioa ostegunetan izaten da ikusgai, ETB1en (23:30), ETB2n (00:30) eta eitb.eus-en.