Itxi

Eitb Kultura

Eitb Kultura

Eitb Kultura

ETB1en eta ETB2n

Ainara Legardonen disko berria, aste honetako 'EiTB Kultura Transit' saioan

EiTB

Sofa talde instrumentala izango da Sorzaileak atalaren protagonista.

Aste honetako 'EiTB Kultura Transit' saioak Ainara Legardon hartuko du protagonista. Musika esperimentala eta rocka batzen dituen artista honek bakarkako seigarren diskoa publikatu berri du. Xabier Erkizia musikari eta artistak ekoitzitako lana da, eta Ainara Legardon (sortzailearen izena) du titulutzat. Lana osatzeko metodoa oso berezia izan da, bat-batekotasunari tarte handia utzi diotelako. Halaber, nahiz eta orain arte ingelesez abestu, gaztelaniazko letrak egin ditu lan berri honetan. Albumaren diseinua ere, oso ezberdina izan da, aurretik egindakoarekin alderatuta.

Azken urteetan, musikaren alor ezberdinetan aritu da Ainara Legardon. Besteak beste, La casa de la llave eta El fin de las cosas antzezlanetarako musika konposatu du, soinudun poesia esperimentalean aritu da Archipiel bikotearekin, SGAEren modeloaren inguruko liburu bat idatzi du, eta auto-kudeaketaren aldeko erreferente bihurtu da musika munduan. Etengabe ikasteko sentsazioa da Ainararen sortzeko motorra.

Sofa taldea Sortzaileak atalean

Zumaia eta Zarauztik datorren talde instrumentala da Sofa, Rock matematikoa jotzen duen hirukotea. Bigarren diskoa kaleratu du aurten, eta bere doinu bizi eta erritmo aldaketak agertokiz agertoki jotzen ari da, zuzenekoetan zeharo murgilduta. Sofa izango da aste honetan ETBko saio honen Sortzaileak ataleko protagonista.

'EiTB Kultura Transit' gaur gauean izango da ikusgai ETB1en eta ETB2n.