Itxi

Eitb Kultura

Eitb Kultura

Eitb Kultura

ETB1en eta ETB2n

Moda, grabatuak eta zinema bat eginik, gaur, 'EiTB Kultura Transit' saioan

A.E.|EiTB

Cristobal Balenciaga museoa, The Ogrocadaver artista bisuala eta Koldo Almandoz zuzendaria izango dituzte protagonista.

  • Balenciaga museoa, saioaren protagonistetako bat

    Balenciaga museoa, saioaren protagonistetako bat

Gaur gauean, modak, grabatuak eta zinemak bat egingo dute 'EiTB Kultura Transit' saioan Cristobal Balenciaga museoaren, The Ogrocadaver artista bisualaren eta Koldo Almandoz zuzendariaren eskutik.

Aurten 50 urte betetzen dira Cristobal Balenciagak bere dendak itxi eta erretiroa hartzea erabaki zuenetik. Jostunaren lanak duen ondare balioa azpimarratu nahi du aurten haren izena duen museoak, eta, horretarako, 'Cristobal Balenciaga. Moda eta ondarea' erakusketa zabalduko dute larunbat honetan. 'EiTB Kultura Transit' erakusketaren eta museoaren barrenetan murgildu da.

Zakura atalean, Koldo Almandozek aitortu digu autoa bilakatu dela beretzat musikaren gotorleku. Bukatzear duen Oreina filma grabatzeko hautatu zuen toki batera eraman gaitu bere kultur proposamenen berri emateko. Espazioagatik gustuko dituen filmen berri eman digu, eta bere liburu kutunak zeintzuk diren esan digu.

The Ogrocadaver artista plastikoak pinturan hasi zuen bere prestakuntza artistikoa. Grabatuekiko zuen interesak Poloniara eraman zuen, eta linograbatuan espezializatu zen bertan. Teknika honekin egindako formatu handiko koadroak erakutsi dizkigu, baita teknika digitalekin sortutakoak ere. Arte bisualetan ez ezik, musikan ere aritzen da The Ogrocadaver, "Karl-Heinz Jürgenwolf" ezizenarekin. Beste lagun batekin batera osatu dute Lord Vituperator & Karl-Heinz Jürgenwolf taldea, eta beste disko bikoitz bat prestatzen ari dira.