Eitb Kultura
ETB1en eta ETB2n
Euskal Barronkensemble taldea eta Sebas Velasco margolaria, gaur, 'EiTB Kultura'n
EiTB
Jurgi Ekiza Willis Drummond taldeko abeslariaren kultur gomendioak ere bilduko dituzte.
Musika barrokoa, Euskal Barronkensembleren eskutik, Jurgi Ekiza Willis Drummond taldeko abeslaria, eta Sebas Velasco margolari eta sortzailea izango dituzte protagonista 'EiTB Kultura Transit' saioan gaur gauean.
Euskal Barrokensemble taldeak Barroko garaia du inspirazio eta orduko musikaren arauak aintzat hartuta sortzen du berea gaur egun. Juan Sebastian Elkano euskal nabigazioari buruzko proiektu berria du esku artean. Taldearen entsegua bisitatu eta beraiekin hitz egin dute.
Bestalde, Baiona Ttipian elkartuko dira Jurgi Ekiza Willis Drummondeko abeslariarekin; Mami Txula elkartean, hain justu. Negu Gorriak, Toy Guitar, Pearl Jam, The Ex… Makina bat zuzenekok markatu dute. Houellebecq eta Zalduaren liburuak ditu gustuko eta Tim Burtonen film ospetsu bat ikustea gomendatuko digu.
Sortzaileak atalean Sebastian Velasco margolariarekin izango dira. Burgostar artistak Jugoslaviarekin lotuta sortu duen margolan seriea aurkeztuko du. Txikitatik zuen lurralde hau osatzen duten herrialdeekiko interesa eta Sarajevon bizi den lagun batekin abiarazitako elkarlanaren bidez, aurkeztear duten liburu bat eta Erroman egongo den erakusketa sortu ditu. Oleo bidez margotu dituen formatu txiki eta ertaineko koadroek berak ateratako argazkiak zein Jugoslavia ohiko iruditeria dituzte oinarri.
Ostegun gauetan izaten da ikusgai 'EiTB Kultura Transit' saioa ETB1en eta ETB2n, eta noiznahi EiTB Nahieranen.