Eitb Kultura
ETB1en eta ETB2n
'Beste egun bat bizirik' filma hizpide, gaur gauean, 'EiTB Kultura Transit' saioan
EITB
Itxaro Borda idazlea eta Josu Martinez dokumentalgilea ere izango dira protagonistak.
-
'Beste egun bat bizirik' filmaren irudi bat
'EiTB Kultura Transit' saioaren gaurko atalean, animazioa eta dokumentala nahasten dituen Beste egun bat bizirik filmari erreparatuko diote. Ryszard Kapuscinski kazetari eta idazleak 70eko hamarkadan Angolako gerran bizi izan zuena kontatzen du Kanaki Films euskal ekoiztetxeak egindako lanak. Kapuscinskik bizi izan zituen barne gatazkak erakusteaz gain, film entretenigarria egin dute.
Hamar urteko lana behar izan dute Kanakikoek pelikula amaitzeko, eta proiektuak argia ikusi bitartean, beste hainbat dokumental ere egin dituzte munduan zehar. Horri guztiari buruz hitz egin dute beraiekin.
Bestalde, Itxaro Borda idazlearen gomendio kulturak jasoko ditu saioak. Poesia bilduma bat prestatzen ari dela esango digu Baionako Rai Bayonne plazan. Irakurtzera joaten da bertara edo pilotan jolastera. Björk eta Mursego musikarien zalea dela aitortuko du eta Matrix filmeko dialogoak entzuten dituela, noizbehinka, idazten ari denean. Amaia Lasaren Hitz nahastuak poesia liburua eta Telma eta Louise filma ere atera ditu zakutik.
Amaitzeko, aste honetako Sortzaileak Josu Martinez izango da. EHUko ikerlari eta dokumentalgileak bi lan aurkeztu ditu aurtengo Zinemaldian. Batetik, Joseba Sarrionandiaren inguruan 12 sortzailek osatu duten filmean parte hartu du Ama fikziozko lanarekin. Bestalde, Lezo Urreiztietaren bizitza erretratatzen duen Jainkoak ez dit barkatzen dokumentala osatu du. Bi lanei buruz hitz egiteko Baigorrin elkartu dira berarekin, bertan grabatu baitzuen semea gerran duen amaren istorioa.
'EiTB Kultura Transit' saioa ostegun gauetan izaten da ikusgai, ETB1en, ETB2n eta eitb.eus-en.