Itxi

Eitb Kultura

Eitb Kultura

Eitb Kultura

ETB1en eta ETB2n

Miriam Ocarizen sormen unibertsoa, gaur gauean, 'EiTB Kultura Transit'en

EiTB

Horrez gain, Aitziber Garmendia aktorea eta 'Mirokutana’ produkzio-etxearekin izango da saioa.

  • Bilboko Rekalde aretoan dagoen Ocarizen erakusketa

    Bilboko Rekalde aretoan dagoen Ocarizen erakusketa

Gaurko 'EiTB Kultura Transit' saioak sormena ulertzeko hiru eredu ezberdin proposatuko ditu. Miriam Ocariz arropa diseinuan aski ezaguna bada ere, azken aldian modaz aparteko beste hainbat eremutan aritu da lanean. Bilboko Rekalde aretoa Ocarizen munduari begira jarri da orain; bere marrazkigintzari, oihalei, zein eguneroko objektuei esanahi berria emateko duen abileziari begira. 'EiTB Kultura Transit' Ocarizekin izan da bere sormen unibertsoari eta inspirazio iturriei buruz hizketan.

Aitziber Garmendia: Zakura

Umetan lehenengo aldiz oholtzara igotzearekin batera jakin zuen Aitziber Garmendiak antzezle izan nahi zuela. Ulergarria den moduan, oholtzarik kutunena bere jaioterrikoa du: Zaldibiakoa. Eta Zaldibian bertan elkartu da 'EiTB Kultura Transit'ekin bere kultur proposamenen inguruan jarduteko. Alfredo Sanzolen La respiración antzerki obra, Lolita eleberria, La vita è bella eta Relatos salvajes filmak alde batetik eta Janis Ianen abestiak izan dira, bestetik, Aitziberren gomendioak.

Mirokutana: Sortzaileak

Ander Iriartek eta Aitor Bereziartuak osatzen dute Mirokutana ekoizpen-etxea. Oiartzuarrak biak, ikus-entzunezkoak maite dituzte, eta kultur identitate eta giza eskubideen gaietan buru-belarri murgilduta daude. Zigilu horiek guztiak islatzen dira haien lanetan hain zuzen ere: Txiki eta Otaegiren fusilamenduan oinarritutako dokumentaletik hasi, fosa komunei buruzko Lisbeth film laburretik igaro eta Ez Dok Amairu, Gaur eta Euskal Sukaldaritza Berria mugimenduak batzen dituen Bihar dok 13 filmeraino.

Nola lan egiten duten ezagutzeko aukera izango da aste honetako 'EiTB Kultura Transit'en. Aurrerapen modura, esan daiteke umore askorekin, Mamut zentro komertzialeko joan-etorriez inguratuta eta Aiako Harriei begira jarduten dutela. Eta tortilla pintxo bana eskuan badute, hobe.

'EiTB Kultura Transit' saioa ostegun gauetan izaten da ikusgai ETB1en, ETB2n eta eitb.eus-en.