Eitb Kultura
ETB1en eta ETB2n
Dokumental esperimentalak hizpide, gaur gauean, 'EiTB Kultura Transit' saioan
EiTB
Horrez gain, Jose Pablo Arriaga artistaren lana ezagutu eta Lorea Agirre kazetariaren gomendio kulturalak bilduko ditu saioak.
-
EiTB Kultura Transit
Punto de Vista Nafarroako Zinema Dokumentaleko Jaialdiak nazioartean dokumentalgintza esperimentalenean egiten denari neurria hartzeko balio du. Jaialdiaren hamahirugarren edizioa bisitatuko dute 'EiTB Kultura Transit' saioan, besteak beste, ikus-entzunezko adierazpide berrien ekarpenaz eta aro digitalean analogikoan grabatzearen ondorioez hitz egiteko. Mexikon, Euskal Herrian eta Ameriketako Estatu Batuetan grabatutako proposamenak ere ezagutuko dituzte.
Lorea Agirreren kutunak
Lorea Agirre Jakin fundazioko zuzendariak Alkizako Ur Mara museora eramango gaitu bere liburu, disko eta film kutunez hitz egitera.
Koldobika Jauregik eta Elena Cajaravillek eraikitako espazio honetan hitz egingo digu El nervio óptico ipuin liburuaz, Adrienne Richen poesiaz eta Bordados komikiaz. BBAX taldearen Distortzioen mundua diskoaz, The square filmaz eta 'The Legacy' telesailaz ere arituko da.
Jose Pablo Arriaga, Sortzaileak atalean
Markinan elkartuko dira aste honetako sortzailearekin. Jose Pablo Arriaga du izena, eta euskal kutxak egiten dituen zurgin familia bateko hirugarren belaunaldikoa da, Enrique Arriaga anaiarekin batera. Tailla tradizionalak, ordea, ez du aurrerantzean jarraipenik izango, familia honetan behintzat. Izan ere, Enriquek ogibidea baztertu du egoerak behartuta, eta Jose Pablo bide berriak aztertzen ari da aspalditik, sorkuntza garaikideak eta materia berriak landuz.
Egoera honi eskainitako erakusketa aurkeztuko du bere tailerrean, eta herrian barrena ibiliko dira, Arriagaren eskultura batetik bestera.
'EiTB Kultura Transit' ostegun gauetan izaten da ikusgai ETB1en eta ETB2n, eta eitb.eus-en ere ikus daiteke.