Euskalonski
ETB1en, 22:15ean
Mexiko Hirian barrena, gaur gauean, 'Euskalonski' saioan
EiTB
Pello Reparazek sutsua eta beroa den metropoli handi honetako leku esanguratsuenetako batzuk bisitatuko ditu, euskararekin harremana duten zenbait herritarren laguntzaz.
Mexiko Hirian ibiliko da gaur gauean 'Euskalonski' saioa. Marrazki bizidunetan kapelu handiko lagunak eta kaktusak ageri dira Mexiko irudikatzeko, baina metropoli handi bat topatuko du Pello Reparazek: hiri diferente bat, bere iruditeria indigena guztiarekin, iraganaren oihartzun ederrak dakartzanak.
Sustraiei heltzeko Dante Uribe gaztearekin egingo du hitzordua hiri bat bezain handia den unibertsitatean, haren euskara taldea ezagutzeko.
Hiri bat bezain handia den unibertsitate horretatik Central Park bezain handia den kiroldegi batera joango da gero Pello Eduardo Sebastian mexikarrarekin. Bertan sustrai euskaldunak dituen Ibone Belaustegigoitia 88 urteko medailaduna topatuko dute igerian.
Kiroldegitik atera eta hamaiketako mexikarra jateko gonbita jasoko du Ibis Ines eta Maddiren eskutik, tako eta 'quesadilla' tipikoak dastatzeko.
Mexiko albiste iturri agorrezina da komunikabideetan, eta mundu osoko jende asko dabil bertan lanean; horien artean, Jon Aranbarri bilbotarra. Haren bulegoa, lana eta ohiturak ezagutuko ditugu.
Azkenik, bai ala bai ezagutu behar den toki horietako batera joango da Ekhiñe Graellekin: Garibaldi plazara. Hantxe biltzen dira mariatxiak, turisten belarrien gozagarri.
Sutsua eta beroa da Mexiko, eta sua ere bada: sua ahoan eta sua bihotzean.
'Euskalonski' astearteetan izaten da ikusgai, 22:15ean, ETB1en eta eitb.eus-en.