Itxi

Euskalonski

Euskalonski

Euskalonski

22:00etan

Erroman izango da 'Euskalonski' saioa gaur gauean

EiTB

Besteak beste, Ane Irazabal erreportaria izango da Pellorekin Italiako hiriburuan.

0:25
Pello Reparaz, Erroman

Gaur gauean, 'Euskalonski' Erroman izango da, eta, bidaia hasteko, Pello Reparaz aurkezlea Erromako zubirik zaharrenean bilduko da Luca Ricci erromatarrarekin. Bertako gazteen zentroa erakutsiko dio, kontzertu-gela eta gimnasio moduan funtzionatzen duen eraikin autogestionatua.

Munduko hainbat lekutako gatazkak ezagutu ostean, egungo egoera sozio-politikoak Erromara eraman du Ane Irazabal kazetaria. Azken urteetan Italiako bilakaera zein izan den hobeto ulertzen lagunduko dio Pellori.

Iñaki Zugarrondo historiazaleak gonbit berezia egingo dio, gaur egungo "gladiatore" batzuen norgehiagoka ikusteko: Roma eta Torino taldeen arteko futbol partida.

Partida hori ikusi ondoren, Sebas Mendizabal ezagutuko du, Donostian jaio arren italiar peto-petoa dena. 25 urteko gazte honek boxeoan eskuratutako garaikurrak erakutsiko dizkio, baita entrenamendu txiki bat eman ere.

Gasteizko negu gorria ezagutu zuen italiar batekin batuko da, Maria Teresa Atorinorekin. Euskal Herria zapaldu gabe denbora daraman arren, fin eusten dio euskarari.

Azkenik, Euskal Herria, Suedia eta Italia batzen dituen familia bat ezagutuko du Pellok. Alaitz Aranburuk 12 urte daramatza Erroman, eta bertan jaio dira bere bi semeak: Paul Emil eta Björn Eder. Via Appiatik txirrinduaz itzulitxo bat emateko lotuko da Pello haiekin.

'Euskalonski' astearteetan izaten da ikusgai, 22:00etan, ETB1en eta eitb.eus-en.