Itxi

Euskaraldia: gehiago

Euskaraldia: gehiago

Euskaraldia: gehiago

22:30ean

"Euskaraldia: Gehiago" saioaren hirugarren atala, gaur gauean

EITB

Edurne Azkaratek eta Antton Telleriak aurkeztuta, euskarari lotutako istorio berriak ezagutuko ditu saioak. Horrez gain, hainbat arigune berri ere ezagutuko dituzte.

0:30
'Euskaraldia: Gehiago' saioa.

Gaur gauean, "Euskaraldia: Gehiago" saioaren hirugarren atala izango da ikusgai ETB1en eta eitb.eus-en. Behin Euskaraldian bete-betean sartuta, istorio, testigantza eta egoera berriak emango dituzte ezagutzera Edurne Azkaratek eta Antton Telleriak.

Alde batetik, Edurnek, Yasmine Khris ezagutuko du Iruñean. Marseillarra izatez, Yasminek urte betean ikasi du euskara. Denbora horretan hizkuntza nola ikasi duen eta bere amonarekin lehen aldiz euskaraz hitz egin zuen momentua nola bizi izan zuen kontatuko dio. Ondoren, "La Furia" rap abeslariarekin egongo da. Arrasaten bizi den cascantearrak haurtzaro gogorra bizi izan zuen euskarari lotuta; beraz, bere haurtzaroa nola bizi izan zuen azalduko dio Edurneri. Horrez gain, Lasarteko jubilatu bat ere ezagutuko du Edurnek, Alberto. Bere bilobarekin euskaraz egiteko ilusioak bultzatuta, duela gutxi euskara ikasten hasi da. Eta azkenik, Edurne Zestoara hurbilduko da eta Marija Louvric kroaziarra ezagutuko du. Euskara ikasteko prozesua nolakoa izan zen azalduko du Marijak.

Bestetik, Anttonek, aurtengo Euskaraldian sortu diren hainbat arigune erakutsiko ditu. Hasteko, Ibarrako Joxe Mari Barriola harategian sartuko da, Joxe Marik bezeroekin harremana euskaraz nola indartu duen ikusteko. Gero, Beasaingo Loinaz autoeskolako irakasle eta ikasleekin ere ibiliko da Antton, autoan sartuta, autoeskolako arigunea nola lantzen duten ikusten, eta ikasleek trafikoko hiztegia nola euskaratu duten ezagutzen ere. Bestalde, Oiartzunera ere hurbilduko da, Garbiñe estetika zentrora. Izan ere, bertako langile eta bezero gehienak euskaldunak izan arren, gaztelerara erraz jotzen dutela aitortuko dute. Hala ere, Euskaraldiarekin hori dena aldatzeko zer neurri hartu dituzten kontatuko dute. Eta azkenik, Lapurdiko dentista bateko kontsultan arigunea martxan nola jarri duten ikusiko du Anttonek.

Hainbat arigune eta istorio berri emango ditu ezagutzera, astelehenean, "Euskaraldia: Gehiago" saioak. 22:30etik aurrera, ETB1en eta eitb.eus-en.