Itxi

Eztabaidan

Eztabaidan

Eztabaidan

Urteurrena

Urtebete egingo du gaur gauean "Eztabaidan" saioak

EITB Media

Klaudio Landak aurkeztuta, gaurkotasuna eta eztabaida jorratzen dituzte gauero. 192 programa egin dituzte, 1000 zuzeneko konexiotik gora, eta ikusleen 11.500 WhatsApp mezu baino gehiago jaso ere.

  • Klaudio Landa, "Eztabaidan" saioko gidaria

    Klaudio Landa, "Eztabaidan" saioko gidaria. Argazkia: EITB Media

Gaur gauean, urtebete beteko du Klaudio Landak aurkeztutako eguneroko "Eztabaidan" saioak. Astelehenetik ostegunera gaurkotasuna jorratzen dute, zuzenean, 21:30etik aurrera, ETB1en eta eitb.eus-en. Hala, hilabete hauetan gauero jendearen etxeetan sartu dira Euskal Herrian eta munduan zehar bizi diren euskaldunen egoera aztertu eta datuen atzean dauden istorioak ezagutzera emateko.

Pandemiaren urtea

Ezbairik gabe, pandemiak markatu du azken 12 hilabete hauetako gaurkotasuna. Birus berri bat genuen gure artean, informazio gutxi eta zalantza asko. Hasieran adituak topatzea ere ez zen erraza izan. Nola interpretatu eta nola kontatu zer ari zen gertatzen? Erronka horri heldu zion lantaldeak.

Egunez egun koronabirusaren inguruko informazioa eta datuak eman dituzte, eta datu horiek zuzenean interpretatu ere goi mailako adituekin. Horien artean, besteak beste, Koldo Callado mediku eta irakaslea, Iker Garcia ZIUko medikua, Aitor de la Quintana Kirurgia Endokrinoko burua, Juan Ignacio Perez Iglesias Kultura Zientifikoko katedraduna, Ugo Mayor ikerlaria, Pilar Lekuona Erizainen Elkargoko presidentea, Fermin Labayen ZIUko zerbitzuburua, Miren Basaras mikrobiologoa eta Eneko Axpe NASAko ikerlaria.

Guztira ia 200 saio izan dira, zuzenean, eta programa horietan jendearen zalantzak, bizipenak eta lehen eskuko testigantzak jaso dituzte: Aitona-amona eta biloben arteko lehen besarkadak, pandemian erditzearen esperientzia eta amatasun berriak, familiarengandik urrun daudenen mezuak, desgaitasunak dituzten pertsonen eguneroko erronkak…

Saio bereziak ere ez dira falta izan: Gazteak, haurrak, osasun langileak... Hala, adin-tarte, erlazio edo kolektibo ezberdinei zuzendutako programa bereziak egin dituzte, eta horrela sortu ziren gazteen eta helduen ahotsari zuzendutakoak. Itxialdi garaian ere umeei zuzendutako "Eztabaidan" bereziak  izan zituzten, besteak beste Aritz Aduriz futbolariarekin, Pirritx eta Porrotx pailazoekin eta "Go!azen" telesaileko Danae Riaño aktorearekin.  

Arreta berezia ere jarri dute osasun langileen egoeran, euren lanaren garrantzia erakutsiz eta haien aldarrikapenak jasoz; eta horrelaxe egin dute ere adinekoen egoitzetako egoerarekin.

Munduari irekitako leihoa

Mundu mailako albiste garrantzitsuenen lekuko ere izan dira: Joe Bidenen izendapena, Maradonaren heriotza... Azken hau zuzenean eman zuten Argentinatik, eta Perseverance ibilgailuaren marteratzean ere zuzenean izan ziren.

Bost kontinenteetatik testigantzak eta zalantzak jaso dituzte, baita itsaso zabaletik ere. Atzerrian dauden euskaldunen bizipenak batu dituzte, eta euskara munduan hedatzeari ere garrantzia eman diote.

Profesionalak eta adituak mahaiaren bueltan

Esparru askotariko aditu zein profesionalak izan dituzte hilabete hauetan eztabaidarako mahaiaren bueltan: medikuak, mikrobiologoak, ikerlariak, ekonomialariak, psikologoak, kultura arloko profesionalak... Aurpegi ezagun asko izan dira platoan, tartean Itziar Ituño eta Elena Irureta aktoreak.

Kultura zientifikoa, nutrizioa, meteorologia eta beste hainbat alor ere landu dituzte egunez egun saioaren ohiko kolaboratzaileekin, besteak beste Idoia Mujika, Nerea Segura edo Arnaitz Fernandezekin.

Urtebete, datutan

Guztira 192 programa egin dituzte, eta 1000 zuzeneko konexiotik gora mundu osotik. "Eztabaidan" saioko ikus-entzuleak programaren zati handi bat dira, eta agerian geratu da hori Whatsapp bidez jaso dituzten mezu, galdera eta istorioekin. Guztira 11.500 izan dira jasotako mezuak.

Izan ere, gaurkotasuna eta debatea ardatz nagusiak izanik, gertutasuna du "Eztabaidan" saioak hizpide albiste dena eta kontatu beharreko istorioak publikoarengana helarazteko.

"Eztabaidan" saioa astelehenetik ostegunera izan ohi dugu ikusgai, 21:30ean, zuzenean, ETB1en eta eitb.eus-en.