Gailurra Xtreme
Estreinaldia
'Gailurra Xtreme Perdido' saioaren estreinaldia, gaur gauean, ETB1en
EITB
Hamabi lehiakidek Pirinioetako GR11 ibilbidearen 300 kilometro egingo dituzte zortzi etapatan, Ibon Gaztañazpik aurkeztuko duen erronka handi honetan.
Gaur gauean, Ibon Gaztañazpik aurkeztuko duen 'Gailurra Xtreme Perdido' lehia ikusgarria estreinatuko du ETB1ek. Pirinioak zeharkatzen dituen GR11 ibilbidearen zati bat egitera ausartuko diren 12 lagun arituko dira nor baino nor gehiago saio berri honetan.
Lehiakideen helburua mendiz mendi zortzi etapatan 300 kilometro egitea izango da. Irundik abiatu eta Perdido mendia izango dute jomuga. Tartean, Etxalar, Otsagabia, Zuriza, Candanchu, Panticosa eta Gorizko aterpetxea izango dituzte etapa bakoitzaren amaiera. Gari Aristegi medikuaren eta Alberto Aierbe mendiko kontuetan adituaren laguntza jasoko dute lehiakideek lasterketa osoan zehar.
Parte-hartzaileek, batez beste, 42 kilometro egingo dituzte jardunaldi bakoitzean, maratoi bat egunean. Probaren gogortasun eta intentsitateak bakoitzaren muga fisiko eta mentalak gainditzera behartuko ditu lehiakideak, eta muturreko egoerak biziko dituzte.
Bi taldeen arteko lehia izango da, eta etapa bakoitzaren amaieran lehiakide bat kanporatuko dute. Hamabi parte-hartzaileetako hiru baino ez dira iritsiko Monte Perdidora, eta irabazle bakarra izango du: helmugara lehen postuan iristen dena. Garaileak 3.000 euroko saria eta Zegama-Aizkorri mendi maratoian parte hartzeko aukera irabaziko ditu.
'Gailurra Xtreme Perdido' lehiaketa honetan parte hartuko duten hamabi lehiakideak kirolariak dira: Ainhitze Kalonje, Arantxi de la Fuente, Eñaut Agirre, Ainhoa Sanz, Aintzane Argaiz, Garikoitz Nuñez, Iñaki Cobo, Manuel Lasarte, Xabier Orbegozo Arria V.a, Enara Oronoz, Sarah Ugarte eta Xabier Urrutikoetxea dira erronka handian parte hartuko duten hamabi lehiakide ausartak.
'Gailurra Xtreme Perdido' ostegunetan izango da ikusgai, 22:30ean, ETB1en eta eitb.eus-en. Aste honetan, ibilbide luzearen lehen etapa egingo dute, Irun eta Etxalar artean.