Go!azen
Aurreestreinaldia
'Go!azen' telesaila estreinatu du EiTBk FesTValen, Gasteizen
EITB | A.H.
Aktoreek telesailaren abestiaren koreografia egin dute FesTValeko alfonbra laranjan, proiekzioaren aurretik.
ETBk 'Go!azen' telesailaren aurre-estreinaldia eskaini du Gasteizko FesTValean ostiral honetan. Telesaileko aktore gehienak Gasteizko Principal Antzokian izan ziren, eta telesailaren abestiaren koreografia egin zuten bertaratutako jarraitzaileen aurrean.
Ekitaldian izan dira Jabi Elortegi zuzendaria, Xabier Zabaleta ekoizlea eta Edu Barinaga ETBko zuzendaria. Hauekin batera, Aitana eta Paula Etxeberria, Miren Arrieta, Lorea Iribar, Ainhoa Larrañaga, Markel Gajate, Asier Burguete, Haritz Morrás, Oihan Moreno, Aritz Mendiola, Barbara Rivas eta Borja Uribesalgo aktoreak izan dira, besteak beste.
Telesaila
Pausoka ekoiztetxeak eta ETBk ekoiztutako telesailak udaleku zorrotz batean euskal neska eta mutil talde baten ibilerak ditu ardatz. 2008an ETB1eko filmik ikusiena bilakatu zen Pausokak egindako 'Go!azen' telebistarako filma, eta ondoren 12 ataleko telesail sorta egin zuten. Telesailak Espainiako Telebista Akademiaren saria jaso zuen haur/gazte saio onenaren sailean, eta izendapena ere jaso zuen Rose D'Or sari entzutetsuetan.
Zortzi urte geroago, berriro zabalduko dute Basakabi udalekua, ikasle talde berri bat hartzeko. Umorea, maitasuna eta musika tartekatuko ditu telesailak hamar ataletan. Bizitza aldatuko zaie uda horretan bertan egongo diren neska eta mutilei.
Euskal abesti ezagun asko entzun ahal izango dira telesailean. Boladan dauden Gatibu, Ken Zazpi, Zea Mays, Esne Beltza, Vendetta eta Hesian taldeen bertsioez gainera, Mikel Laboaren eta Itoizen klasikoak ere entzun ahal izango ditugu. Denboraldi honetan ere Fernando Velazquez (El Orfanato, Lo Imposible) arduratuko da abestiak egokitzeaz eta Jabi Elortegi izango da berriro telesailaren zuzendaria.