Itxi

Go!azen

Go!azen

Go!azen

Denboraldi berrira begira

'Zatoz gurekin!' izeneko bideoklip berria grabatu du 'Go!azen'ek!

EITB

Telesailaren 6.0 denboraldia grabatzen hastera doaz aktore berriekin.

1:23
'Go!azen 6.0' telesaileko aktoreak bideoklipa grabatzen Basakabiko atarian

'Go!azen'ek Zatoz gurekin! bideoklipa grabatu du gaur Azpeitian eta Donostian. 6.0 denboraldiaren atariko ekimena da, hain zuzen ere, bideokliparen grabazioa; izan ere, asteartean (hilak 18) hasiko dira grabatzen atal berriak. Bideokliparen abestia Iker Laurobak sortu du.

'Go!azen'ek telesailetik kanpora ezagutzera ematen dituen abesti hauek guztiek arrakasta itzela izan dute orain arte. Halaxe gertatu zen Euskararen Txantxangorria, Gure Nahia, Denok zu edota Mugimenduan tinko abestiekin. Oraingoan ere oihartzuna lortzea espero dute, beraz, egun batzuk barru eskuragarri egongo da Zatoz gurekin! abesti berria telesailaren webgunean eta aplikazioan.

Bideoklipak 'Go!azen'en aktore gazteak izango ditu protagonista. Denboraldi honetan guztiak aurpegi berriak izango dira, bat izan ezik. 'Bago!az' saioko irabazlea izandako Dánae Riañorekin (Irun) batera, Esti Lopez (Irun), Markel Sainz (Donostia), Kimetz Renteria (Bilbo), Xabi Rodríguez (Idiazabal), Andrea Mora (Etxebarri), Nikola Zalduegi (Bilbo), Lorea Intxausti (Donostia) eta Xanti Korkostegi (Donostia) arituko dira. Maria Redondo legazpiarrak, berriz, aurten ere Zuriren papera antzeztuko du.

Pausoka ekoiztetxeak eta ETBk ekoiztutako telesailak Basakabi udalekuan euskal neska eta mutil talde baten ibilerak ardatz izaten jarraitzen du. Umorea, maitasuna eta musika tartekatuko ditu telesailak hamahiru ataletan. Pertsonaia eta kontu berriekin, ez da ezusterik faltako telesail arrakastatsuan.

Hainbat garaitako euskal abesti ezagun asko entzun ahal izango dira telesailean berriro ere: Deliriums Tremens, Betagarri, Niko Etxart, Esne Beltza, ETS, Huntza, Maider Zabalegi, Skakeitan, Sorotan Bele, Lor, Modus Operandi, Izaro, Enkore, Gatibu eta Ken Zazpi, esate baterako.

'Go!azen 6.0' denboraldia azaroan hasiko da ETB1en, Goazen APPan eta eitb.eus atarian. Aurten ere, grabaketak Azpetiko Esklaben konbentuan, Donostiako La Asunción Ikastetxean eta El Pinar etxaldean eta Oiartzunen egingo dituzte. Bederatzi astez arituko dira buru-belarri Javier Garcia de Vicuñaren eta Itziar Gomezen zuzendaritzapean.

'Go!azen' proiektua Euskaltel, Laboral Kutxa, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru aldundiak eta Eusko Jaurlaritzaren 116111 Zeuk Esan haurtzarorako eta nerabezarorako laguntza telefonoaren babesarekin egiten dute posible EiTBk eta Pausokak. Telesaileko estreinaldia ez ezik, 'Go!azen' proiektu transmedia honek sarean izango du segida orain arte bezala APParen bidez, eta hainbat emanaldi eta aurrestreinaldi ekarriko ditu datorren ikasturteak.