Publizitatea
Itxi

2021/06/29

11:00

Go!azen

Denboraldi berria

Gasteizen abiatu da "Go!azen 8.0" telesailaren grabazioa

EITB Media

Aktore berri gazteen artean Malen Azpirotz, Joanes Echeveste, Julen Castillo eta Iñaki Mujika ditugu. Halaber, Aitor Beltran eta Asier Hormaza aktore ezagunak ere izango dira aurten lantaldean.

  • "Go!azen 8.0" telesailaren grabazioa hasi da gaur Gasteizen.

    "Go!azen 8.0" telesailaren grabazioa hasi da gaur Gasteizen. EITB Media

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Telegram
  • Bidali

"Go!azen 8.0" telesailaren denboraldi berriaren grabazioa hasi da astearte honetan, ekainaren 29an, Gasteizko Andre Maria Zuriaren plazan. Basakabi udalekura doazen  ikasleak, batzuk lehen aldiz eta beste batzuk beste uda batez, ezustean Gasteizera iritsi dira. "Go!azen 8.0"ren lehen ataleko lehen sekuentzia grabatu da bertan, hain zuzen ere. Hortik aurrera, kontu eta istorio guztiak 10 atal berritan izango dira ikusgai udazkenean, EITBko kanaletan. Gasteizko hasierako grabazio honetaz gain, Donostian, Azpeitian, Bergaran eta Irunen ariko da filmatzen "Go!azen"eko lantaldea abuztuaren 20ra arte.

Aurten ere, casting-etik aukeratutako aktore gazte berriak izango dira telesailean: Malen Azpirotz (Iraia); Joanes Echeveste (Ibai); Julen Castillo (Koldo); eta Iñaki Mujika (Unax) izango dira. Horiekin batera, Maria Redondo, Dánae Riaño, Ander Lacalle, Nerea Elizalde, Aitziber Errazkin, Lorea Intxausti eta y Asier Burguete egongo dira dagoeneko aurretik "Go!azen"en ibili diren aktoreen artean. 


'Go!azen 8.0' grabazioa, Gasteizen (EITB Media)

'Go!azen 8.0' grabazioa, Gasteizen (EITB Media)

Berebat, Aitor Beltran aktore ezagunak Edorta soinketako irakasle berriaren papera jokatuko du; eta Asier Hormaza, telebistan eta antzerkian ere sona handia duen aktorea, Andoni izango da, Garaziren (Nerea Elizalde) aita. 

Pausokak eta EITBk ekoizten duten telesaila Itziar Gomezek zuzenduko du.

Gorra den pertsonaia bat, estreinakoz

Gazteak eta euren arteko harremanak eta kezkak ditu oinarri "Go!azen"ek eta gizartearen aniztasun eta errealitatea islatzen saiatzen da. Denboraldi berri honetan, gorra den pertsonaia bat sartuko dute lehen aldiz. Bere anaia Unaxekin batera datorren Iraia pertsonaiak hitz egin dezake, musika sentitu eta abestu; baina ezin du entzun. Bestalde, aurten eta lehen aldiz, abentura generoa landuko dute Basakabin.

Horrez gain, aurreko denboraldiko hariari jarraituz, Enarak (Aitziber Errazkin) eta Zurik (Maria Redondo) bere harremanarekin aurrera jarraitzen dute, baina Enarak badu sekretu garrantzitsu bat: Zuriri baietz esan badio ere, ez die bere harremanaren berri eman bere gurasoei. Enararen ama Basakabin azaltzen denean, Zurik egia jakingo du eta honek eragina izango du bi nesken harremanean. Maddiren (Dánae Riaño) gurasoek Zuzendaritza ikastea nahi dute, baina berak musika munduan saiakera egin nahi du. Horregatik, Gaztea Maketa lehiaketara aurkezteko asmoa dauka; baina presioak eraginda, ezin du abestia amaitu. Lortuko al du bere helburua?

Go!azen 8.0

"Go!azen 8.0" grabazioa, Gasteizen (EITB Media)

Euskal musika nagusi

Aurtengoan moldatuko dituzten abestien artean Bulego, ETS, Merina Gris, Alaitz eta Maider, Ruper Ordorika, Esti Markez, Olatz Salvador, Berri Txarrak, Gatibu, Nogen, Izaro, Izaki Gardenak, Zetak... talde eta musikarienak izango ditugu entzungai. Egun hauetan, gainera, bideoklipa grabatzen ari dira.

"Go!azen" proiektu transmedia udazkenean estreinatu arte, eitb.eus-eko Goazen webgunean eta mugikorretako Goazenen aplikazio arrakastatsuan jarraitu daiteke telesailaren inguruko azken orduko guztia.

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena
    ;