Itxi

Go!azen

Go!azen

Go!azen

Denboraldi berria

"Go!azen 10" telesaila gaur aurrestreinatuko da PRIMERANen

EITB MEDIA

Jabi Elortegik telesailaren inguruan egindako dokumentala ere estreinatuko da streaming plataforman. Hilaren 17an iritsiko da estreinaldia ETB1era eta eitb.eus-era. Hortik aurrera, PRIMERANen zein ETB1en, eitb.eus-en eta aplikazioan batera emango dira astero atalak.

0:25
Go!azen 10

Jendaurreko aurrestreinaldi arrakastatsuen ondotik, gaur (azaroak 10) aurrestreinatuko da "Go!azen"en 10. denboraldia publiko zabalarentzat PRIMERAN euskarazko eta euskal edukien streaming plataforman, 14:00etan. Basakabiko udalekuetako gorabeherak biltzen dituen telesail musikala astebete geroago iritsiko da ETB1era, hots, azaroaren 17an. Hortik aurrera, ostiralero, aldi berean izango dugu ikusgai PRIMERANen, ETB1en, eitb.eus-en eta aplikazioan.

Pausokak EITBrentzat ekoizten duen telesailaren denboraldirik bereziena izango da, hamargarrena izateaz gain, 100 atalak gaindituko dituelako. Horregatik, dokumental bat ere prestatu dute, ostiral honetan bertan PRIMERANen estreinatuko dena, ordu berean.

Orain arteko arrakastaren bidetik jarraitzeko asmoz, aspaldiko lagunak itzuliko dira Basakabira, baina pertsonaia berriak ere ikusiko ditugu. Elkarrekin, abentura zirraragarriak biziko dituzte. Aktore berrien artean, Marina Ostolaza (Noa), Haizea Astrain (Lea), Xabi Elizalde (Aner), Ander Ayerza (Bosko), Unai Arana (Mattin), Unai Arrieta (Urtzi) eta Nerea Arriola (Maitane) ikusiko ditugu. Horiekin batera, aurreko urteetan protagonista izandakoak egongo dira: Nerea Elizalde (Garazi), Mikele Arizkorreta (Saioa), Maria Redondo (Zuri), Lorea Intxausti (June), Kimetz Etxabe (Gontzal) eta Andoni Agirregomezkorta (Oier).

"Go!azen"en gai sozialak jorratuko dituzte, eta umorea eta musika ere ez dira faltako. Aurten entzungo ditugun doinuen artean ETS, Bulego, ZETAK, IZARO, Berri Txarrak, Maixa eta Ixiar, Sagarroi edo Izaki Gardenak talde eta musikarien kantak daude, besteak beste. 

Javier Garcia de Vicuñak eta Itziar Gomezek zuzendu dute telesaila, eta Jabi Elortegik dokumentala.