Itxi

Go!azen

Go!azen

Go!azen

''Go!azen''

"Go!azen 10"ek gaur agurtuko du denboraldia

EITB Media

21:00etan emango da ETB1en, eitb.eus-en, appan eta PRIMERAN plataforman "Go!azen 10" telesailaren azken atala. Bestalde, aurreko urteetan bezala, Donibane Lohizunen aurrestreinatu da egun bat lehenago, eta bertan bildutako dirua Herri Urratsen alde izango da.

1:38
Basakabiko lagunak, Anerri eta Edortari bidea oztopatzen

Gaur, 21:00etan emango da ETB1en, eitb.eus-en, appan eta PRIMERAN plataforman "Go!azen 10" telesailaren azken atala. Aurrez, baina, kapitulua primizian ikusteko aukera izan dute Donibane Lohizuneko La Sèlect zinema aretora bildu direnek, ostegunean, 18:30ean. Bertako sarrerekin bildutako dira, aurreko urteetan bezala, Seaskarentzat izango da, aurtengo Herri Urrats jaiaren antolaketarako. 

Emanaldi berezira telesaileko hainbat protagonista joan dira, hala nola Ander Ayerza (Bosko), Unai Arrieta (Urtzi), Maria Redondo (Zuri), Haizea Astrain (Lea), Unai Arana (Mattin), Mikele Arizkorreta (Saioa) eta Nerea Elizalde (Garazi). 

Azken atalean kontu asko argitu beharko dira: Garazik kartzelan jarraituko du edo gertatutakoa Edorta eta Anerren kontua izan dela frogatu ahal izango du? Bestetik, Noak, Leak, Saioak eta Mattinek institutuan jarraitu ahal izateko azken aukera izango dute. Kontua da, Leak proba bat egin behar duela beste ikastetxe batean egun eta ordu berean, eta laurek proba egiten ez badute, dena bertan behera geratuko dela. Gainera, Basakabik udaleku onenen rankingean azken postua du orain arte, eta hori hobetzeko edozer egiten saiatuko da Oier. 

Ostiral honetan entzungo ditugun abestien artean daude, besteak beste, Maixa eta Ixiarren "Iluntzean", Izaki Gardenak taldearen "Amaieratik hasi" eta Vendettaren "Reggaean hegan (agur)". Atal hau hamargarren denboraldiko azkena izango da, baita zenbait pertsonaiaren agurra ere. Denboraldi berria martxan dago jada eta laster iragarriko dira casting deialdiak. 

Pausokak EITBrentzat ekoitzitako telesailaren denboraldirik bereziena izan da, hamargarrena izateaz gain, 100 atalak gainditu dituelako. Horregatik, dokumental bat ere ekoitzi da eta hurrengo astean, otsailaren 2an, izango da ikusgai ETB1en eta eitb.eus-en.