Gure Kasa
22:00etan
"Gure Kasa" saioak agur esango du gaur gauean
EiTB
Sebastian Lizaso, Ilaski Serrano eta Mikel Markez izango dituzte platoan. Hiru urte hauetan izandako gonbidatu eta kolaboratzaileak gogoratuko dituzte, eta bukaera ikusgarria izango du programak.
Hiru urteko ibilbidearen ostean, "Gure Kasa" saioak agur esango du gaur gauean. Ohi bezala, Julen eta Antton Telleriak gidatuko dute programa, Virginia Santos bekadunaren laguntzarekin.
Gau berezia izango da, eta gonbidatuak ere izango dituzte platoan: Sebastian Lizaso bertsolaria, Ilaski Serrano aurkezlea eta Mikel Markez abeslaria. Bizi dugun egoera berrira nola moldatu diren azalduko digute hiru gonbidatuek, eta udarako dituzten proiektuak errepasatuko dituzte.
Ainhoa Goikoetxea izango da kolaboratzaile gonbidatua, eta Balmaseda aukeratu du erreportajea egiteko. Marta Elvira Azkoitian eta Azpeitian izango da terrazeoa egiten, azken saio honetako gonbidatuei eta "Gure Kasa" saioari buruz galdezka. Bestalde, Joseba Olagaraik Jon Padilla aurkeztuko digu. Itxialdian bizilagunak animatzen ibili da Jon, eta konfinamendu bukaeran bizilagun guztien esker ona eta sorpresa jaso du.
Onintza Enbeita eta Sebastian Lizaso bertsotan jarriko dituzte, eta Maddalen Arzallusek 'Gure Kasa Banda' osatuko du, kolaboratzaile eta gonbidatuekin batera abesteko.
Aurpegi ezagunen agurrak eta sorpresak
Azken saioan, hiru urte hauetan "Gure Kasa"-tik pasatu diren gonbidatu eta kolaboratzaileak gogoratuko dituzte. Euskal Herriko aurpegi ezagunen agurrak, aurkezleentzako sorpresak eta kolaboratzaile guztien bisita izango dute, eta bukaera ikusgarri batekin esango diote agur saioari.
"Gure Kasa" programaren azken atala gaur gauean izango da ikusgai, 22:00etan, ETB1en eta eitb.eus-en.