Herri txiki, Infernu Handi
22:00etan
Zaldibian izango da, gaur gauean, 'Herri Txiki, Infernu Handi' saioa
A.H. | EITB
Zuhaitz Gurrutxagak eta Mikel Pagadik Goierriko herri txiki honetako hainbat bizilagun ezagutuko dituzte.
Goierriko Zaldibia herrira gerturatuko dira Zuhaitz Gurrutxaga eta Mikel Pagadi gaur gauean. Txindokiren itzalpean dagoen herritxo honetan, hamaika herritar ezagutuko dituzte.
Pagadik idi probetan ibiltzen den baserritar jator bat ezagutuko du, baita haren idi parea ere. Idiak ondo manejatzeko sekretuak kontatuko dizkio baserritarrak. Mozorrotzeko aukera ere izango du. Izan ere, Zaldibian dago Gipuzkoako mozorro denda handiena eta Pagadik bisita egingo du bertara. Ahuntz Azpigorria berreskuratzeko elkartea sortu duten bi mutil gazte ere ezagutuko ditu. Herrian topatuko ditu aker bat furgoneta batean sartu nahian, eta akerra autoan sartu ondoren, mendira abiatuko da bi gazteekin akerra ahuntzei aurkeztera. Eguna sagardo dastaketa bat egiten amaituko du Zaldibiako gazte koadrila handi batekin.
Zuhaitzek Zaldibiako emakume bat harrapatuko du goizean taberna zabaltzen eta barrura sartuko da bertan prestatzen dituen mondejo zopak dastatzeko. Tabernara sartuko diren hiru aitona jatorrekin jarraituko du goiza solasean. Hiru gizonek egunero errutina berdinari jarraituz, txikito bana edaten dute 15 minuturo betiko mahaian eserita. Tabernatik atera, eta jada itxita dauden Zaldibiako bi taberna bisitatuko ditu. Jabeek, etxeko egongela bihurtu dituzte lokalak, eta itxura bitxia dute tabernako barra zaharra egongelan txertatuta ikusita. Taberna zahar horietako baten jabeak saskiak egiten ditu antzinako eran, eta Zuhaitzek bere tailertxoa ezagutuko du. Zaldibiako kanpoaldean, untxi granja handi bat ezagutuko du eta baita haren jabe gaztea ere bai. Eguna, 90 urteko artzain zaldibiar batekin lasai lasai hizketan amaituko du. Nahiz eta jada ardirik ez izan eta herri-gunean bizi, urtero hiru hilabete igarotzen ditu Txindokiko borda batean bizitzen naturaren erdian.
'Herri Txiki, Infernu Handi' igande honetan emitituko da, 22:00etatik aurrera, ETB1en.
TB1en.